«Urola Kosta: itsas-lurra» kanpaina turistikoa abiatu du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkarteak turismoa erakartzeko sustapen-kanpaina abiatu du, «Urola Kosta: Itsas-lurra» lelopean. Kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoa nabarmentzen du, bisitariak erakartzeko eta COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Eskualdeko turismo-enpresak, ostatuak, merkataritza eta ostalaritza sektoreak indartu nahi ditu, horrela.

«Urola Kosta: itsas lurra» kanpainak helmuga turistiko jasangarri gisa kokatu nahi du eskualdea. Lourdes Salsamendi presidenteak adierazi duenez, «Gure eskualdeak eskaintza aberatsa du, askotarikoa. Urte osoan gozatzeko lurraldea da gurea. Kilometro gutxian ditu mendi ibilbideak eta hondartza, kirola eta aisia, gastronomia eta paisaia… Gure identitatea, gure bizitzeko era, gure ondarea. Bereziak izango dira datozen hilabeteak; baita Urola Kostan ere. Ziur naiz esperientzia ahaztezinak biziko ditugula guztiok bertan; guk zein bisitariok. Seguru, baina gozatuz, gure altxorrekin bat eginez».

Kanpainaren bitartez, turismo-sektorea indartzea eta sustatzea du helburu Urola Kostako Udal Elkarteak. Izan ere, koronabirusak gehien eragin duen sektoreetako bat da turismoa, eta bisitariei adierazi nahi zaie Urola Kosta eskualde segurua eta erakargarria dela. «Eskualdea gozatu dezakegu, aukerak oso ugariak dira, baina tentuz eta arduraz jokatuz, eta guztien, bertakoen zein bisitarien, segurtasuna bermatuz» azpimarratu du Udal Elkarteak.

Eskualdearen ezaugarri bereziak

Kanpainaren helburua Urola Kostako turismo-aukerak promozionatzea da: Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan izanda, baina identitate bateratu bat sortuz.

Bestalde, Urola Kosta helmuga turistiko gisa kokatzeko lehen urratsak emango dira kanpaina honekin. Kanpaina abiatu da dagoeneko eta irailera arte iraungo du. Osagarritasuna eta sinergiak uztartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren «Gipuzkoa Passport» kanpainarekin batera garatuko da. Gipuzkoako pasaportearekin batera banatuko den eskuorri bat sortu da, herriz herri, esperientziak eskaintzen dituzten enpresen eta turismo-bulegoen kontaktuak emateko bisitariei. «Gipuzkoa Passport» turismo bulegoetan dago eskuragarri, «Urola Kosta: itsas-lurra» eskuorriarekin batera.

Bideo laburrak, txartel-gida eta webgune eguneratua

Alde batetik, sare sozialetan konpartitzeko hiru bideo labur sortu dira. Bideoek eskualdearen elementu turistiko estrategikoak eta bisitari objektiboak dituzte ardatz: gastronomia, mendi ibilbideak, kirola, ondarea, kultura eta kostaldea. Bideoak Instagramen, Facebooken eta Youtuben argitaratuko dira. Edukiaren hedapena eta segmentazioa errazten duelako aukeratu da sare sozialen bidezko estrategia, baita emaitzak eta izandako eragina neurtzeko tresnak baliatzen dituztelako ere.

Bideoak lau hizkuntzetan zabalduko dira, Urola Kostako turisten jatorriaren datuetan oinarrituta: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez. Batez ere, edukiak Gipuzkoa, Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Errioxa, Kantabria, Madril eta Frantziako turistengana bideratuko dira.

Lehenik Espainian zabalduko dira bideoak, koronabirusak eragindako egoeragatik estatuko turismoa lehenestea erabaki delako, eta uztailaren 16tik aurrera Frantzian.

Kanpaina parte-hartzailea izan dadin, www.kostaldea.eu orrialdea prest da, edonork bere esperientzia partekatu ahal izateko #UrolaKosta edo herri bakoitzaren traola erabiliz. Orrialde horretan jasoko dira sare sozialetan kanpainaren inguruan sortzen diren edukiak.

Euskarri fisikoak

Eskuorriak, «Gipuzkoa Passport»aren barruan sartzeko. Hegazkinean sartzeko txartela irudikatzen dute, Urola Kosta izanik helmuga. Eskuorri horien bidez, eskualdeko turismo-sektoreko enpresen eskaintza ezagutarazi eta bost herriak ezagutzeko informazio-guneen berri emango zaio bisitariari. Elkarlan horri esker, Aldundiaren kanalak ere erabiliko dira «Urola Kosta: itsas-lurra» kanpaina zabaltzeko eta hedapen handiagoa lortzeko.

Bestalde, kanpainarako enarak ere egin dira, propio, Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariako turismo-bulegoetarako, eskuorrien irudia jarraituz. Eskualdeko 5 Udalekin elkarlanean garatuko da promozioa, eta irudi bereziak sortu dira bost herrietako udaletako sare sozialetarako eta webguneetarako.