Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN programaren 6. edizioa abiatuko du

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren seigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea da, eta egitasmoa eskualdeko enpresa eta gazte langabeei bideratuta dago. Orain arte ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko bost edizioetan, guztira, 80 pertsonak hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 32 enpresetan: praktikak, prestakuntza lanpostuan…

Argazkikoak Hazilan proiektuaren 5. edizioan parte hartu zuten gazteak dira.

Kudeaketa-sistemak lantzen

HAZILAN proiektuak enpresen premia errealak identifikatzen ditu eta, premia horien arabera, egiten da edizio bakoitzaren trebakuntza-diseinua.

6. edizio honetan, kudeaketa-sistemen gaia landuko dute parte-hartzaileek. Horixe izango da berrikuntzarik azpimarragarriena. Aurreko edizio guztietan bezalaxe, gazte kualifikatuek beharrezko ezagutzak eskuratu ondoren, eskualdeko enpresentzat landuko dituzte proiektuak. 

Azken urteetan hazten ari da kudeaketa-sistemen gaineko kontzientziazioa lan-munduan. Nahiz eta kudeaketa-sistema berri bat ezartzea inbertsio ekonomiko handia izan daitekeen, enpresak konturatu dira hasierako ahaleginak onura handiak ekarri ditzakeela epe ertainera. Izan ere, kudeaketa-sistemek berebiziko garrantzia dute enpresa txiki eta ertainen ekoizpen-prozesuetan; baita eskaintzen dituzten zerbitzuetan ere. Enpresek merkatuan iraun dezaten, berebiziko garrantzia dute, besteak beste, kalitateak, produktu edota zerbitzuen homogeneotasunak, eta enpresek pertsonekin zein ingurumenarekin dituzten harremanek. 

Hori dela-eta, lan-munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu da kudeaketa-sistemen gaineko prestakuntza (zeharkako beste gai batzuk bezalaxe; datuen babesaren araudia, esaterako). Edozein sektoreri edota lanposturi eragiten dieten zeharkako edukiak izanik, enpresek gero eta gehiago baloratzen dute hautagaiek ezagutza horiek barneratuta izatea. Hazilan programaren seigarren edizioan parte hartzen dutenek hainbat ezagutza, tresna eta baliabide eskuratuko dituzte; enpresaren jarduera edozein dela ere, kudeaketa hobetzeko.

Zer da Hazilan?

Gazteei gaur egun beharrezko dituzten trebetasunak bereganatzen laguntzeko eta, era berean,  enpresek dituzten beharrei erantzuteko programa da. Programaren balio erantsia da esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasotzea; hain zuzen ere, gaur egun enpresek eskatzen dituzten trebetasun eta konpetentziak lantzeko.

Seigarren edizioa

Hazilan programa 20-44 urte bitarteko gazteentzat da eta goi mailako ikasketak dituztenentzat. Eskualdekoek lehentasuna izango dute.

Programak bi fase edo atal izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea, zeharkako konpetentziak lantzeko eta, ondoren, TALENTU IHESA fasea, kudeaketa-sistemak espezialitatean. Hona hemen xehetasunak:

AKTIBATU urratsa (80 ordu):

Zeharkako konpetentziak landuko ditugu, ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu (proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).

Noiz: 2018ko irailaren 11tik urriaren 25era

Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.

TALENTU IHESA fasea (200 ordu):

  • Kudeaketa-sistemen eduki eta tresnak landu ondoren, eskualdeko enpresa eta elkarteentzat proiektuak garatuko dituzte ikasitakoa praktikan jartzeko.
  • Kudeaketa Sistemak espezialitatea
  • Enpresek merkatuan iraun dezaten bermatzen duten arloak: kalitatea, produktu edota zerbitzuen homogeneotasuna, eta enpresaren harremanak (pertsonekin zein ingurumenarekin).

Noiz: 2018ko urriaren 29tik 2019ko urtarrilaren 25era, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era.

Edukia (170 ordu):

  • Kalitateko kudeaketa sistema: ISO 9001:2015 (25 ordu)
  • Ingurumeneko kudeaketa sistema: ISO 14001:2015 (25 ordu)
  • Lan segurtasun eta osasuneko kudeaketa sistemak: ISO 45001:2018 (25 ordu)
  • I+D+I UNE-EN-ISO 166.002 kudeaketa sistema (25 ordu)
  • Datuen babesaren inguruko arautegia (25 ordu)
  • Enpresarako kudeaketa sistemen integrazioa (25 ordu)
  • Zaintza teknologikorako eta adimen lehiakorrerako web 2.0 erremintak (20 ordu)
  • Proiektuen garapena (30 ordu)

Argibideak eta izen ematea: uztailaren 9tik 27ra.

Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta. Bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen wegunean: www.urolakosta.eus

Argibideak jasotzeko:

Informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

Eguna eta ordua: uztailak 18, 10:00etan

Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Orain arte 5 edizio

Hazilanen bi edizio egin ditugu 2016an, beste bi 2017an eta 2018an, dagoeneko, bat egin dugu. Orotara, 80 pertsonak parte hartu dute (48 emakumezkoak; 32 gizonezkoak). Lehendabizi konpetentzia sozioprofesionalak landu dituzte eta, ondoren, enpresetan laneratzeko prozesuak egin dituzte (praktikak, prestakuntza lanpostuan…), eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste eskualde batzuetako enpresetan.

Honako enpresa hauek parte hartu dute lehen bost edizioetan:

  • Pavitec 2000 SLU,
  • Ongi Mecanizados en Madera SL
  • Aner Sistemas Informáticos
  • Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak S.L.
  • Ad hoc centro de comunicación y marketing SL
  • Dulces Reineta, S.L.
  • Arktelier, arkitektura estudioa
  • Xare
  • Otzarreta Communicación, S.A.
  • Eraman SL
  • Ortzadar ikastetxea
  • Kalexka
  • Begi-bistan, Turismo Zerbitzuak
  • LKS Ingenieria S.COOP
  • Lombok Design SL
  • Euskampus Fundazioa
  • Emaus Fundación Social
  • Gurutze Gorria
  • SOLDIMES Máquinas para Soldadura S.L.
  • Gipuzkoako Urak SA
  • SOS Arrazakeria Elkartea
  • MettaCarbon bikes
  • Cafeteria Euromar
  • Electro Talleres Zarauz, SA (JOLAS)
  • Coprein SL
  • Ardantzabide altzariak SL
  • Kiba Lorezaintza
  • Atzegi
  • Artadi Alimentación SL
  • Gureak Lanean SA
  • Industrias Auxiliares SAU
  • Aquarium Donostia

Programa operatiboa 2016-2020

Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektua  Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatzen du eta 20 garapen agentziak hartzen dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatzen du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).

hazilan17