Ekitaldia ekainaren 2an izan zen, Foru Aldundiaren egoitza nagusian.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan ziren gure eskualdeko hainbat udal ordezkari: Xabier Txurruka (Zarazko alkatea), Angel del Hoyo (Orioko zinegotzia), Nekane Arrizabalaga (Aiako alkatea), Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea) eta Udal Elkarteko garapen agentziako hainbat teknikari.
Lehen aldiz sinatu den lankidetza hitzarmen hau 2021a arte egongo da indarrean, eta lankidetza eredu bat zehazten du, estrategiak ezartzeko, programak garatzeko eta tresna berriak sortzeko.
Hitzarmen honek erakundeen arteko elkarlana sustatzen du eta Gipuzkoa garatu eta kohesionatu bat izatea da xedea. Zehazki, hitzarmenaren puntu esanguratsuenetakoa Gipuzkoa Sarean proiektuan orain arte existitu diren espazioen formalizazioa da. Espazio horiek honako hauek dira: Eskualde Arteko Mahaia (EAM), garapen agentzietako lehendakari eta zuzendariek eta Aldundiko kideek osatzen dutena, gobernantzan aurrerapausoak eman eta lurralde politiketan lehentasunak definitzera zuzendua; Fazilitadoreen Mahaia, garapen agentzietako teknikarien eta Aldundiaren elkarlanerako espazioa, gaitasunak sortzera bideratuta; eta Talde Eragilea, Aldundiko kabineteko eta proiektuaren koordinaziorako, Kabineteko eta Ekonomia Sustapenerako departamentuko kidek osatuta.
Gipuzkoa Sarean 2009an martxan ipinitako proiektua da lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta lurralde garapenerako eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin. Gainera, azpimarratzekoa da alderdi politiko desberdinen oniritzia duela.