Uztailaren 13tik 16ra bitartean Orioko plaza jatetxe bihurtuko du ‘Bisigua Orio Estilora’ jaialdi gastronomikoak

Orioko Udalak gaur eguerdian aurkeztu du aurtengo Bisiguaren Festa, Donostiako Nautikoan. Agerraldian parte hartu dute Jose Angel Zaldua Orioko alkateak, Lourdes Salsamendi Turismo eta Kultura zinegotziak; Eneko Goia Donostiako alkateak; eta festan bisigua erretzeaz arduratuko diren hiru parrileroak: Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola. Horrez gain, Merkataritza batzordeko buru Elixabete Bello, eta Jose Angel Iparragirre eta Ana Priede zinegotziak ere han ziren. Udalak eskerrak eman dizkie Nautikoko arduradunei, aurkezpenerako beren instalazioak erabiltzen uzteagatik.

Bisiguaren Festaren 10. edizioa

Aurtengoarekin 10 aldiz antolatu du Orioko Udalak Bisiguaren Festa. Uztailaren 13tik 16ra egingo da aurten, ostegunetik igandera.

Beti bezala, Herriko Plaza izango da festaren gunea, bertan egingo direlako otorduak, plazako kioskoa jatetxe handi bihurtuta. Otordu bakoitzean 200 lagunetik gora mahaikide izango da. Guztira, bost otordu egingo dira: ostegun eta ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Guztira, hortaz, 1000 otordutik gora zerbitzatuko dira eta 500etik gora bisigu basati erreko dituzte zortzi metro luzeko parrila erraldoian.

Bisigua jateko aukeraz gain, bestalde, programazio osagarri zabala izango da lau egunetan.

Herriari zabaldutako festa

Bisiguaren Festa Orioko Udalak antolatzen du; baina herriko eragile askoren laguntza izaten du horretarako: tabernariak, merkatariak, Harribil dantza taldea, Egunsenti otxotea, Arrantzaleen Kofradia, Zaharren Babeslekua… Jose Angel Zaldua alkateak aurkezpenean esan duen bezala, Herri guztiak festa gertutik sentitzea eta partaide izatea bilatzen dugu Udaletik.

Bisiguaren tenplua

Jaialdi gastronomikoak bisiguaren tenplu bihurtuko du Orio, Bisigua Orio Estilora lelopean. Alkateak adierazi duenez, ‘Orio Estilora’ marka berreskuratu nahi dugu. Herri guztiek berezko ezaugarriak dituztela sinetsita gaude, herri bakoitzak bere izaera propioa duelako. Horrek ez du esan nahi herri bat bestea baino hobea denik, herrien artean lehia dagoenik, baizik-eta ezberdinak direla. Aniztasun horrek aberasten du gure lurraldea. Gure herriak, esaterako, itsasoarekin lotura estua du, herri arrantzalea gara, eta horrek kultura ulertzeko gure modua sortzen du; arrauna bizitzeko era berezi bat dugu, eta abar. Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa estilo propio horren erakusleihoa da.

Joxe Miel Zendoia: ‘Besugerarik gabe, parrilara!’

Hiru parrileroen ordezkari, Joxe Miel Zendoiak hartu du hitza aurkezpenean, Katxiña erretegikoak: Besugerarik gabe erretzen ditugu guk bisiguak, Orio estilora. Gure bereizgarria da bisiguak zabaldu eta parrilan erretzen ditugula, besugerarik erabili gabe. Ukitu berezia parrilak bere lana egin ondoren datorrena da: bisigua bedeinkatzen duen olio errea.

Otorduetako menua

Bisiguarekin batera, beste plater hauek osatzen dute Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren menua:

  • Urdaiazpiko iberikoa baratxuri-olio eta tomatearekin
  • Tomate, hegaluze eta bokeroi entsalada
  • Hiru legatz kokotxa saltsa berdean
  • Bisigua parrilan
  • Postrea
  • Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

Txartelak salgai dagoeneko

Txartelak dagoeneko salgai daude Orioko Turismo Bulegoan. 1.000 txartel jarriko dira salgai, 55 euroan. Txartelen erreserba 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar da, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte –igande arratsaldean bulegoa itxita egongo da –.

Bisiguaren Laguna oroigarriak

Aurreko edizioan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere, Bisiguaren Laguna oroigarriak banatuko dira inaugurazio ekitaldian, uztailaren 13an, 20:00etan. Esnal ostatuko Eugeni eta Mari Cruz ahizpak omenduko ditu Udalak, alde batetik, eta Koteto Ezkurra erremontista, bestetik.

Lourdes Salsamendik azaldu du Esnal ostatuko ahizpak aukeratzearen arrazoia: Aurten gure Bisiguaren Lagunak Esnal ahizpak izango dira: Eugeni eta Mari Cruz. Beren ama Modesta Esnal zenari ere omenaldia egin nahi diogu, bera izan baitzen 1949an alargun gelditu eta, bi ahizpekin, Esnal ostatua eta jatetxea eraiki eta martxan jarri zuena. Esnal ostatuak, jatetxe izateaz gain, funtzio sozial handia egin du Orion. Izan ere, jende asko pasa da etxe horretatik; bezero asko kanpotik Oriora lanera etorritakoak izaten ziren eta, maiz ordaintzeko dirurik eduki ez arren, ostatuko ateak irekita izaten zituen beti Modestak haientzat.

Bi alabek, Mari Cruz eta Eugeniak, Gregorio Etxaniz eta Patxi Etxeberria senarren laguntzarekin, segida eman zioten Esnal ostatuko lanari, 2008an itxi zuten arte. Esan daiteke gaur egun Azurza etxeak ematen duen zerbitzua Esnal familiak eman zuela urte askoan musu-truk hiru emakume ausart eta langile hauei esker.

BISIGUAREN FESTAREN PROGRAMA

Uztailak 13, osteguna

20:00 Aurkezpen ekitaldia

  • Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute.
  • Pintxo txikiteoaren inaugurazioa
  • Parrileroek plaza inauguratuko dute.
  • Bisiguaren Lagunak: Koteto Ezkurra erremontista eta Esnal ostatuko Eugenia eta Mari Cruz ahizpak.

20:00 Petritegi sagardoaren dastatzea.

21:00 Afaria

Uztailak 14, ostirala

20:00 Petritegi sagardoaren dastatzea.

21:00 Afaria

Uztailak 15, larunbata

12:00 Petritegi sagardoaren dastatzea

12:00 Bisigu lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean Herriko Plazan.

12:00 Marmitakoa Herriko Plazan –errazioak salgai, 2 €–.

14:00 Bazkaria

19:00 KAE ligako X. Estropada Oria Ibaian “Bisiguaren Festa Orio Estilora” bandera.

20:00 Petritegi sagardoaren dastatzea

21:00 Afaria

Uztailak 16, igandea

12:00 Petritegi sagardoaren dastatzea

12:00 Hegaluzea parrilan Eusko Labelen laguntzarekin –errazioak salgai, 2 €–.

14:00 Bazkaria

 

——

Nota de prensa en castellano (PDF)

 

bisiguarenfesta2017