Donibane Lohizuneko Ur-Ikara elkarteak antolatzen duen Teink Trofeoa batel-txapelketaren partaideak izango ditugu Orion abuztuaren 4tik 5era bitartean. Aurreko urteetan egin den bezala, kiroldegian egingo dute lo eta afaria herriko plazan eskainiko zaie.
Teink Trofeoaren 28. edizioan parte hartzen duten batelak Castro Urdialesetik aterako dira abuztuaren 1ean eta ia 88 itsas miliako (162 km) distantzia egingo dute, abuztuaren 6an, Donibane Lohizunera iritsi arte. Tartean, abuztuaren 4an, Orion porturatuko dira, 4.etapari amaiera emanez. Hurrengo egunean, goizez, Pasaiara bidean txapelketa berrabiatuko dute.
Batelak 5 eta 6 metro bitarteko ontzi txikiak dira, historikoki Euskal Herriko kostaldeko arrantza txikian erabiliak. 1993an 4 lagunek euskal kostaldea zeharkatu zuten arraunean, bidean zenbait geldialdi eginez, Teink izeneko batel batean. Esperientzia hartatik sortu zen Teink Trofeoa hurrengo urtean.
Teink ez da bakarrik itsas txapelketa bat. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun-gune bat da eta hor elkartzen dira kultura, tradizioak eta itsasoa maite dutenak, bizipenak eta esperientziak trukatuz.