Orioko Udalak urte hasieran iragarri zuen herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu zuela, Goienerrekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntzarekin. Apirilean itxi zen ekimenean izena emateko epea eta guztira 200 herritarrek baino gehiagok aurkeztu zuten orduan eskaera. Ordutik, prozesua aurrera doa.
Azken hilabeteotan, Goienerrek banan-banan aztertu ditu izena eman duten herritarren elektrizitate-kontsumoak. Azterketa horren bidez, eskatzaile bakoitzari dagokion energia-paketea eta ordaindu beharko lukeen harpidetza-kuota kalkulatu ditu, baita urtean elektrizitate-fakturan izan lezakeen aurrezpenaren estimazioa ere.
Herritar bakoitzak azterketa hau jaso eta baloratu ondoren, komunitate energetikoko partaide izan nahi duen edo ez erabakitzeko unea da orain.
Behin betiko izen-ematea, azaroaren 6ra arte
Lehen izen-ematea egin zuten herritarrek, beren elektrizitate-kontsumoaren azterketa pertsonalizatua jasotzeaz gain, behin betiko izena emateko jarraitu beharreko urratsen berri jaso dute Goienerren eskutik. Azaroaren 6ra arte izango dute horretarako aukera.
Bestalde, lehen izen-ematean parte hartu ez zuten herritarrek ere aukera dute azaroaren 6ra arte komunitate energetikoan sartzeko eskaera egiteko. Eskaera horiek itxaron-zerrenda batean jasoko dira, eta urtero aztertuko dira, komunitatean sortzen diren alta eta bajen arabera. Dena den, behin betiko izena ematen duten herritarren kopuruaren arabera, baliteke eskaera berrietako batzuk hasieratik onartzeko aukera izatea.
Eskaera berriak online nahiz aurrez aurre egin daitezke. Hemen eskaera-orria eta jarraitu beharreko pausuen inguruko informazio zehatza.
Komunitate energetikoaren estatutuen onarpena
Orioko Udala ere komunitate energetikoko kide izango da. Horregatik, udalbatzak komunitatearen estatutuak onartu ditu, hura martxan jartzeko beharrezko urratsetako bat eginez.
