Manu Etxeberria Sedanok liburu berria aurkeztuko du irailaren 13an

 

70eko hamarkadatik 90eko hamarkadara, Espainiako eta Frantziako selekzioetako partaide gisa euskal arraunlariek lortutako emaitza gogoangarrien inguruko liburua osatu du Manu Etxeberria Sedanok: Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan (1970-2000). Proiektuak Orioko Udalaren babesa izan du, eta irailaren 13an, asteartearekin, liburuaren aurkezpena egingo da kultur etxean.

180 orrialdez eta 90 argazkiz osatuta dago, eta 70eko hamarkadatik 2000. urtera bitarte euskal kirolariek goi mailako txapelketetan izandako parte-hartzearen inguruko datuak biltzen ditu. Besteak beste, Lasurtegi, Korta, Puertas, Redondo, Elizalde, Goikoetxea, Genoba eta Urbieta bezalako arraularien lorpenak ditu hizpide.

Aurkezpen irekia

Liburuaren aurkezpena irailaren 13an, asteartearekin, egingo da kultur etxean. 18:30etan hasiko da, eta kazetariei ez ezik, interesa duten herritarrei ere zabaldutako saioa izango da.