Herriko eskoletan irisgarritasuna lantzeko saioak egin dituzte aste honetan

cof


Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean, Orio denontzat egitasmoa lantzen ari da Udala. Lehen fasea udaberrian egin zen, eta herriko eragileen eta herritarren ekarpenak jaso zituzten. Bigarren urratsa abian da orain, eta aste honetan sentsibilizazio-saioak egin dituzte herriko gaztetxoekin, GKEFko arduradunen eskutik.

Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako LH6 eta DBH2 mailetako gazteei zuzendutako saioak izan dira. Ikasleen ohiko ordutegiaren baitan, Gorputz Hezkuntzako eskolak aprobetxatu dituzte bi orduko saioak egiteko. GKEFko arduradunek gidatu dituzte, alderdi teoriko eta praktikoak uztartuz.

Inguruan dituzten ala kalean ikusten dituzten egoera errealen bidez, bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetua bezalako balioak landu dituzte gazteek. «Ikerketen arabera, besteekiko enpatia eta errespetua lantzeko adin egokienak 11-12 eta 13-14 urte dira; gazteek etapa sentikorrago bat igarotzen dute, eta horregatik bideratu ditugu saioak maila horietara», azaldu du Alicia Figueroa GKEFko zuzendari tekniko eta proiektuaren arduradunak.

Oztopoak gaindituz

Orio denontzat egitasmoaren helburua da Orio herri irisgarriagoa bihurtzea, eta zentzu horretan, gazteek asko dute esateko. «Haien inguruan ikusten dituzten oztopoak identifikatzea garrantzitsua da, eta horien berri eman behar dute. Denon artean herria hobetzen lagunduko dugu horrela», gaineratu dute GKEFko kideek. Eta gazteengandik jasotako ekarpenekin harrituta geratu direla azaldu dute: «Guk identifikatu gabe genituen hainbat punturen berri eman digute; oso pozik gaude».

Gainera, Gorputz Hezkuntza klaseetan erabiltzen jarraitzeko material ugari eskaini dizkiete irakasleei: unitate didaktikoak, bideoak, jolasproposamenak… Nabarmentzekoa da Orio izan dela aniztasunaren eta irisgarritasunaren inguruko sentsibilizazio-saioak adin tarte horietako haur guztiei eskaini dizkien lehen udalerria.

Informazio osagarria, hemen.