Orioko Udala emakumeen aurkako indarkeria-kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloa prestatzen hasi da

Indarkeria matxistaren alorrean jarduten duten erakundeak koordinatzeko, I. Udal Protokoloa lantzen hasi da Orioko Udala, Sortzen enpresaren aholkularitzapean. Protokolo hori prestatzeko, hiru hausnarketasaio egingo dituzte datozen asteetan. Gaur, martxoaren 27an, egin dute lehena Salatxo aretoan, eta bertan izan dira indarkeria matxista kasuetan esku hartzen duten edo horiek prebenitzeko orduan zeresana duten erakundeetako ordezkariak.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari lotutako politikak lantzen jarraitzen du Orioko Udalak, eta 2023ko helburu nagusietako bat emakumeen aurkako indarkeria-kasuetarako I. Udal Protokoloa definitzea da. Horretarako, hiru hausnarketasaio hauek egingo dituzte datozen asteetan:

  1. Legezko testuingurua: Gai honi lotuta, indarrean dauden legeak eta berriki indarrean sartu direnak aztertu dituzte, eragile eta zerbitzu bakoitzaren eskumenak argitzeko.
     
  2. Esku-hartzea biktima izan diren amekin: Indarkeriak ama izateko gaitasunean eta haurrengan duen eragina aztertuko dute apirilaren 17ko bigarren saioan, eta amaren esperientzia gutxiesteko erabiltzen diren mekanismoak landuko dituzte.

  3. Erreparazioa eta erantzukizun publikoa: Erreparazioaren printzipioari lotuta, tokiko erakundeek egoera horien  aurrean duten ardura eta erantzukizun politiko eta teknikoa aztertuko dituzte apirilaren 21eko hirugarren saioan. Gainera,  indarkeria matxistaren biktimei eman beharreko erantzun publikoan jarriko dute arreta. 

Saioetan parte hartuko dute: Orioko alkatea; Udaleko gizarte zerbitzuetako, kulturako, euskara eta hezkuntzako eta Ahalduntze Eskolako teknikariak; Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkari banak; herriko bi ikastetxeetako ordezkariek; eta Osakidetzako arduradunek. Indarkeria matxista kasuetan esku hartu dezaketen eragileak dira, eta baita egoera horiek artatzeko edo egoera horiek prebenitzeko lan egiten duten erakundeetako ordezkariak ere. Udalak funtsezkotzat jo du guztiek protokoloaren prestakuntzan parte hartzea, ikuspuntuak partekatzeko eta elkarrekin gogoeta egiteko.

Emakumeen aurkako indarkeria-kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloaren bidez, halako kasuen aurrean modu bateratu eta koordinatuan jokatzeko baliabideak lortuko dituzte herriko erakundeek, eta prebentzioneurriak ezarriko dituzte.