Eragin Eskubaloi Taldeak urtero antolatzen duen izen bereko torneoaren bidez, goi mailako eskubaloi-partidak jokatzen dira herrian. Txapelketaren laugarren ekitaldia abuztuaren 13an egingo da Karela kiroldegian, eta torneoarekin batera, abuztuaren 11n, bi lagunarteko partida jokatuko dira. Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan hartu dute parte gaur, uztailak 27, Anuska Esnal Orioko alkateak, Olatz Santamaria eta Bittor Andres zinegotziek eta Idoia Larrañaga Orio Eragin Eskubaloi Taldeko presidenteak.
Eraginek herriko neska gazteei ematen dien aukeran jarri du fokua Esnalek: «Goi mailako kirola eta hezkuntza uztartzea egingarria dela erakusten die taldeak herriko neskei, eta horretarako aukerak eta baliabideak eskaini». Horren adibide izango dira Maria Zaldua eta Laida Urbitarte oriotarrak. «Eragin Torneora RoCasa Gran Canaria taldea ekartzea garrantzitsua da guretzat, gaur egun hango jokalaria baita Zaldua, gure hasierako taldean aritu zen jokalaria», azaldu du Larrañagak. «Eta gure jokalaria izandako Laida Urbitartek ere Replasa Beti-Onak taldean jokatuko du datorren denboraldian. Horregatik, ostiraleko lagunarteko partidan biak aurrez aurre ikustea oso berezia izango da», nabarmendu du. Larrañaga oso pozik azaldu da pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren torneoa berreskuratu dutelako.
Bost izango dira guztira Orion ariko diren taldeak: Guerreras Iberdrola Liga nagusian lehiatzen diren RoCasa Gran Canaria, Replasa Beti-Onak eta Super Amara Bera Bera. Eta gizonezkoen kasuan, Liga Plenitude Asobalen lehiatzen diren Bidasoa eta Torrelavega; Jon Azkue oriotarrak jokatuko du bertan.
Larrañagak zehaztu duenez, «Torneoa igandean jokatuko da, iazko Guerreras Iberdrola Ligan finalerdiak jokatu zituzten Donostiako eta Kanaria Handiko taldeen artean. Ostiraleko bi partidak, aldiz, lagunartekoak izango dira, baina biak ere goi-mailako norgehiagokak».
Sarrerak abuztuaren 1ean jarriko dituzte salgai, 5 euroan, Eragin taldearen webgunean, eta Larrañagak herritarrak animatu ditu kiroldegia bete eta goi-mailako eskubaloiaz gozatzera.
Ordutegiak
Partidak Karela kiroldegian jokatuko dira, eta hauek izango dira ordutegiak:
- Abuztuaren 11n, ostirala, 17:45ean: RoCasa Gran Canaria (Kanaria Handia) eta Replasa Beti-Onak (Atarrabia, Nafarroa) – Emakumezkoak
- Abuztuaren 11n, ostirala, 20:00etan: Bidasoa (Irun, Gipuzkoa) eta Torrelavega (Torrelavega, Kantabria) – Gizonezkoak
- Abuztuaren 13an, igandea, 12:00etan: Super Amara Bera Bera (Donostia, Gipuzkoa) eta RoCasa Gran Canaria (Kanaria Handia) – Emakumezkoak