Udazkeneko programazioaren barruan, ostiral honetan, urriak 30, ‘Jorge Oteiza, Montevideoko memoriak 1961’ hitzaldia eskainiko du Xabier Erkiziak Salatxo Aretoan, 18:00etan.
‘Memoria de Montevideo (1961)’ da Jorge Oteizak grabatuta utzi zuen konposizio musikal bakarra. Lanak poema labur eta ustez osatu gabe bat jasotzen du, zinta magnetikoan grabatutako konposizio musikal sonoro gisa aurkeztua, edo, beste modu batera esanda, Musika Konkretako obra gisa.
Hitzaldian Xabier Erkiziak Oteizaren unibertso sonoroaren aztarnak mahai gainean jarriko ditu, eskultore euskaldunak soinuari buruz garatutako teorien eta jatorrizko dokumentuaren inguruan ikerketa sakona egin ondoren. Ez dago halako beste ariketarik bere soinu-artxibo osoan, eta, horrenbestez, mugarri berezia da artistaren ibilbidean.
