Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak tailer partizibatiboa antolatu du, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG/DOT) aztertzeko

Tailerra irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat eta Zarautzen egingo da, Sanz Enea kultur etxean, ekainaren 20an, astelehenarekin, 18:00etan hasita.

Urola Kostako eremu funtzionalaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko aukera izango da tailerrean.

Zertarako dira Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak?

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) bitartez definitzen da nola garatuko diren azpiegiturak eta jarduera ekonomikoak eta sustatzen da, besteak beste, eremu urbanoen eta landa-eremuen arteko oreka eta naturaguneen babesa.

20 urte barru nolako lurraldea nahi dugu?

Momentu honetan berrikusten ari dira indarrean dauden gidalerroak eta, horregatik, Ingurumen Saila tailer partizipatiboak egiten ari da eskualdez eskualde, 20 urte barru izan nahiko genukeen lurraldea irudikatzeko. Tailer horretan honako gaiak landuko dira: paisaia, ingurune fisikoa, azpiegitura berdea, landa-eremua, eremu urbanoa, mugikortasun jasangarria, ura, energia eta gobernantza.

Guztira 16 tailer egingo dira EAEn, eta horietako bat da Zarauzko kultur etxean egingo dena (Nafarroa kalea, 22).

Internet bidez parte hartzeko aukera

Tailerrera joan ezin dutenek Irekia webgunean parte hartu ahal izango dute. Gunean argitaratu da LAGak berrikusteko oinarrizko dokumentua (dokumentu exekutiboa), testuari ekarpenak egiteko:

http://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates/1056?stage=discussion

Sare sozialetan ere parte hartu ahal izango da; Twitter-en, #DOT_Euskadi traola, eta Facebook-en, Lurraldea profilean.

Gidalerroak berrikusteko prozesuak 3 urte inguru iraungo du. Informazio eta aurrerapen guztiak webgunean eguneratuko dira:

http://www.euskadi.eus/lag-berrikuspena