Euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen lasterketa erraldoia da Korrika, AEK-k bi urtetik behin antolatzen duena.
Aurtengoa Korrikaren 20. edizioa izango da eta dagoeneko erabakita dago ibilbidea: Otxandion abiatuko da martxoaren 30ean eta Iruñean amaituko da apirilaren 9an.
Oriotik apirilaren 5ean pasatuko da gauerdi inguruan, 00:45ean. Usurbildik etorriko da eta Zarautza joango da gero.
Orioko lehen bilera
20. Korrikaren prestakuntza-lan orokorrak aspaldi hasi ziren; baina orain herriz herri lan-taldeak sortzea tokatzen da, herrian egingo diren lanak bideratzeko.
Korrika Orion antolatzeko lan-taldeak lehen bilera egingo du asteazken honetan, urtarrilak 18, 17:30ean, kultur etxean. Urola-Kostako AEKren ordezkari bat etorriko da, aurtengo Korrikaren gorabeherak azaltzeko (ibilbidea, ekitaldi nagusiak, omendua nor izango den, zein material sortu den, mezua zein den…).
Bilera irekia da eta gonbidatuta daude herriko kultur eta kirol elkarte guztietako ordezkariak eta herritar euskaltzaleak.