Kontzertua maiatzaren 5ean izango da, ostiralarekin, eta 22:30ean hasiko da. Sarrera doan bada ere, gonbita hartu behar da aldez aurretik, aretoaren aforoa mugatua delako. Udalak 100 gonbita prestatu ditu eta dagoeneko eskura daitezke kultur etxean bertan. Emanaldira joan nahi dutenek, hortaz, hobe dute garaiz eskuratu beren gonbita, gabe ez geratzeko.
Amorante, ahots fresko bat
Zaila da Iban Urizar musikologoak egiten duen musika definitzea. ‘Amorante’ proiektua herri-musikatik abiatzen da eta, horren gainean, bariazio eta esperimentazioak egiten ditu, betiere musika anglosaxoiaren iragazkitik pasatu gabe. Toki askotako herri-musikaren eragina jaso du Iban Urizarrek eta iturri horietatik guztietatik edan du bere eskaintza osatzeko.
Informazio gehiago jasotzeko eta bere musika entzuteko, jo bere webgunera:
https://amorante.bandcamp.com/