Jorge Oteiza duela 116 urte jaio zen Orion, gaurko egunez, urriaren 21ean. Artistaren jaiotzaren urteurrena dela eta, Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleen lanekin erakusketa jarri da Oteizaren Pietatean; zehazki, HH5 eta LH1eko eskola umeen marrazkiekin osatu da erakusketa, Orioko Udalarekin elkarlanean, eta gaur bakarrik egongo da ikusgai.
Oteizari lotuta, larunbatean Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria egin zen Udaleko Kultura sailak antolatuta, eta herritarrek interes handiarekin entzun zituzten Ismael Manterolak emandako azalpenak. Bi txanda antolatu ziren, 11:00etan eta 12:30ean, eta bi hitzorduak beteta, 50 lagunek aukera izan zuten Oteizak jaioterriarekin izandako harremanaren inguruan informazioa jaso eta sakontzeko.