Urteroko ohiturari jarraituz, Herrio natur taldeak Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko ditu azaroaren 10ean, igandearekin. Mahaia Herriko Plazan jarriko dute, 11:00ak aldera, eta bertan izango dira 13:30ak arte. Arratsaldean, bestetik, Lera taldeak kriseiluak egiteko tailerra egingo du 15:30etik aurrera.
Herrio taldeak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu Euskal Herriko zuhaitz espezieak zaintzearen garrantziaz. Urtero bezala, banaketaren helburua da herritarrek zuhaitz-hazi horiek etxean ereitea eta, landaretxoa sortzen denean, kanpoan landatzea, toki egoki batean. Euskal Herriko zuhaitzen haziak dira Herriokoek banatuko dituztenak: lizarra, gaztaina, artea, haritza, elorri zuria, gorostia, astigarra…
Lera taldeak, bere aldetik, kriseiluak egiteko tailerra antolatuko du, Gabon gauaren bueltan egiten duten ekitaldian erabiltzeko. Helburua da antortxen kopurua murriztea, segurtasunagatik, eta, auzolanean, kriseiluak egitea kristalezko potoak, kandelak eta sokak erabiliz.
15:30ean jarri dute hitzordua, eta nork bere kristalezko potoa eraman beharko du; sokak eta kandelak, ordea, taldekideek izango dituzte. Eta, saioa amaitutakoan, mokadutxo bat eskainiko zaie parte-hartzaileei.