Udalak euskarazko produktuen katalogoa banatuko du egun hauetan, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Guztira, katalogoaren 1.000 ale erosi ditu Udalak eta, herriko ikasle guztien etxeetara bidaltzeaz gain, herritarren eskura jarriko ditu kultur etxean eta udaletxean.
Gabonetako opariei begira, euskarazko produktuak erostea sustatu nahi du Udalak eta horretan laguntzeko banatuko du katalogoa.
Katalogoan euskaraz argitaratutako produktuak ageri dira, informazioa osagarriarekin (argitaletxea, prezio-tartea eta abar), etxeko haur eta gaztetxoek aukera izan dezaten euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko.
Katalogoa atalka banatuta dago: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, informatika, jostailu eta jokoak…
Internetez ere bai
Paperean banatutako liburuxkaz gain, sarean ere eskuragarri dago katalogoa. Katalogoaren webgunea etengabe eguneratzen da eta aukera ematen du bilaketak egiteko.
Horrez gain, argitaratu berri diren produktuen informazioa buletin baten bidez ere jaso daiteke.
Gabonen atarian gaudenez, katalogoa tresna baliagarri eta polita da haur eta gaztetxoei opariak euskaraz egiteko.