San Nikolas jaietan egoera zailei erantzun behar izan die herriak

Ederki hasi genituen festak ostegunean, jai-giro apartan. Baina, bizitzan bezala, espero gabeko gertakariak izan ditugu aurten sanikolasetan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta horia eman zuen larunbatean, haize eta euri gogorrengatik, eta, hori zela-eta, festak berrantolatu behar izan zituen Udalak: barrakak itxi, kanpoan egitekoak ziren jarduerak aterpera ekarri (nagusiki kiroldegira eta frontoira), eta Gozategi taldearen eta DJ Bonen kontzertua atzeratu behar izan zuen, baldintza onetan eta merezi duen bezala egin ahal izateko (abenduaren 25ean egingo da, Eguberri Egunez, eta festa ederra izango da guztiontzat!).

Herritarrak babestea da Udalaren lehen zeregina eta, erraza izan ez zen arren, berehala hartu zituen neurriak egoera zailari erantzuteko. Udalak eskerrak eman nahi dizkie oriotarrei, inoren gustukoak ez diren neurriak heldutasunez onartzeagatik; eta Gozategi eta DJ Bon musikariei ere, kontzertuaren eguna aldatzeko erakutsi duten prestutasunagatik.

Herritarren babesa erasotuari

Bestetik, eta are okerrago, herri-mugimenduko kide batek erasoa jasan zuen larunbatean, sare sozialen bidez hasi zena eta herri-bazkarian ere eragin zuena. Hori salatzeko, elkarretaratzea deitu zuen Orioko Mugimendu Feministak igandean, eta Udalak ere, eraso guztiak salatzeko konpromisoari helduz, elkarretaratzean parte hartzeko deialdia zabaldu zien herritarrei, erasoa jasan zuenari babesa agertzeko eta erasotzaileei garbi lagatzeko herri honek ez dituela erasoak onartzen: ez sare sozialen bidez egindakoak eta ez zuzenean egindakoak.

Elkarretaratzea udal-pilotalekuan egin zen eta jendetsua izan zen. Udalak eskerrak eman nahi dizkie han ziren herritar guztiei, emandako erantzun sendoagatik. Herritarrok erakutsi dugu, berriz ere, ez ditugula pasatzen utziko horrelako erasoak eta irmo erantzungo diegula. Herritarrek elkar babesten duten eredu horixe da Udaletik bultzatu nahi duguna.

Eraso guztien aurrean tinko jokatzea eskatzen diegu oriotarrei, erasoei ez erantzuteak konplize egiten gaitu-eta.

Azken batean…

Ezinezkoa da datorkiguna aurreikustea, baina gure esku dago horren aurrean nola jokatu erabakitzea. Zentzu horretan, Udalak positiboki baloratzen du azken egunotako lana, sortutako egoerei herri bezala erantzutea lortu dugulako.