Bilera otsailaren 3an egingo da, larunbatarekin, 11:30ean hasita, eta Arraunetxen izango da. Bilera irekia da eta oriotar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Karkarako eta Udaleko ordezkariez gain, Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok ere parte hartuko du, ekimena azaltzeko, eta baita Andoni Egañak ere, gure eskualdean euskarak duen egoeraz gogoeta egiteko.
Zer da EUSKARALDIA?
EUSKARALDIA Euskal Herri osoa hartuko duen ekimen zabal bat da, Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak elkarlanean bultzatua, euskararen lurraldeko beste erakunde askorekin batera.
Elkarlan-eredu horri jarraituz, Karkara Taldea kultur elkarteak eta Orioko Udaleko Euskara Batzordeak batera egin dute otsailaren 3ko bilerarako deialdia.
Ezagutzatik erabilerara salto
Euskararen normalizazioak bide bat egin du azken hamarkadetan eta egindako lanari zor zaio gaur egun askoz euskaldun gehiago izatea. Ezagutza datuetan izandako gorakadak, ordea, ez du apenas isla izan euskararen erabileran. Talde euskaltzaleek eta erakundeek aldaketa baten beharra sumatzen dute, hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta uste dute aldaketa hori lortzeko tresnarik eraginkorrenak adostasuna eta elkarlana direla.
Azken urteotan hainbat ekimen jarri dira martxan euskal herrietan helburu horiekin (Lasarte-Orian, Agurainen, Hernanin, Donostiako Egia auzoan…) eta garbi ikusi da bide hori eraginkorra dela eta aukera ematen duela aurrerapauso handiak egiteko euskararen erabileran.
11 egun euskaraz
Lanean hasteko, EUSKARALDIAk erronka zehatza planteatu dio Euskal Herriari aurten: ‘11 egun euskaraz’. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko apustua egingo dute herritar asko eta askok Euskal Herri osoan. Erronka hori informazio eta motibazio kanpaina handi batekin lotuta joango da eta elkarlanean antolatuko dute herri bakoitzeko euskaltzaleek eta erakundeek.