Orioko natur ondarea ezagutzeko ibilbidea antolatu dute iganderako Zaragueta eskolak eta Herrio natur taldeak

Ibilbidea bizikletaz egingo da, Bikamiotan hasita. Martxoaren 18an egingo da, igandearekin, 10:30ean hasi eta 12:30ak inguruan bukatuta.

Helburua da haur eta gurasoei erakustea Orioko herriak dauzkan natur balioak; bereziki, errioaren ingurukoak.

Herritar guztiei zabalik dago ekitaldia. Nork bere bizikleta ekarri behar du, ibilbidea osatzeko; eta 12 urtetik beherako haurrek arduradun batek lagunduta joan behar dute. Parte-hartzaileek kaskoa jantzita eraman behar dute. Prismatikoak edukiz gero, komeni da eramatea, geldialdietan hegaztiak eta bestelako animaliak ikusi ahal izateko.

Ibilbidea

Bikamiotan hasiko da ibilbidea 10:30ean, eta handik hondartza aldera abiatuko dira. Hondartzan egingo dute lehen geldialdia, inguruari buruzko azalpenak emateko.

Ondoren, anbulatorio aldera joango dira, Muntotik barrena, eta handik Ertzillanera. Ertzillaneko etxearen aurrean egingo dute bigarren geldialdia, errioaren natur balioez hitz egiteko.

Gero, Motondora joko dute eta han egingo dute hirugarren geldialdia, hezegunearen balioa eta etorkizunean izan dezakeen garapena azaltzeko.

Ibilaldia herriko plazan bukatuko da; gutxi gorabehera, 12:30ean.

Ibilaldi hau Zaragueta eskolak eta Herrio natur taldeak antolatu dute, eskolaren 40. urteurreneko programaren barruan.

zaragueta40logo