Orioko Udala Europako Gizarte Zerbitzuen Sarien finalista izendatu dute

Epaimahaiak justizia soziala udal-politika guztietan txertatzeko Oriok egindako ibilbidea nabarmendu du. Sari-banaketa azaroaren 19an eta 20an egingo da, Erroman.

Orioko Udala Europako Gizarte Zerbitzuen Sarien (European Social Services Awards, ESSA) finalisten artean hautatu dute, Komunitatea indartzea eta gizarteratzea kategorian. Europako hainbat herri eta hiritan garatutako ekimenen artean hautatua izateak nazioarteko aitortza ekarri dio Orion azken urteetan zehar egindako lanari. Sari-banaketa azaroaren 19an eta 20an egingo da, Erroman (Italia), Celebrating Innovation and Excellence in Social Services lelopean, eta sariek gizarte-zerbitzuen arloko berrikuntza eta bikaintasuna aitortzen dituzte.

Justizia soziala, udal-politika guztien ardatz

Epaimahaiak bereziki baloratu du Orioko Udalak justizia soziala udal-jardun osoan zeharlerrotasunez txertatzeko egindako ibilbidea. Hau da, justizia soziala ez lantzea gizarte-zerbitzuen esparrura mugatuta; udal-politika eta jarduera guztien ikuspegian txertatzea, eta norabide horretan hainbat arlotan proiektu eta ekimen zehatzak garatzea. Ikuspegi partekatu hori udaleko sail eta esparru desberdinen arteko elkarlanean gauzatu da.

Anuska Esnal Orioko alkateak azpimarratu du: «Gure helburua justizia soziala Udalaren erabaki eta politika guztietan presente egotea da. Zaintzan, energian, kirolean edo aisialdian, herritar guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu. Horretan ari gara lanean, eta aitortza honek bide horretan jarraitzeko indarra ematen digu».

Ibilbide horren erakusgarri dira azken urteotan Orioko Udalak garatutako hainbat ekimen eta eraldaketa. Horietako batzuk dira, hain zuzen, ondorengoak.

Alde batetik, gizarte-zerbitzuen egitura profesionala indartu da, pertsonen beharren balorazioa, laguntza eta jarraipena hobetuz, baita esku-hartze soziohezitzailea eta psikosoziala, koordinazioa eta prebentzio komunitarioa sendotuz ere.

Era berean, zaintzaren inguruko herri-eraldaketa bultzatu da, herritarren artean zaintzaren balioari eta erantzukizun partekatuari buruzko lanketa eginez. Aldi berean, Udalaren arreta- eta zaintza-eredua eraldatzen joan da, pertsonen beharrei modu integralagoan erantzuteko, haien autonomia sustatzeko eta komunitateko babes-sareak indartzeko.

Bestalde, Orioko Energia Komunitateak trantsizio energetikoa gizarte-justiziarekin lotzen du. Energia berriztagarrien onurak herritarren artean partekatzeaz gain, baliabide ekonomiko gutxien dituzten familiei lehentasuna ematen die, aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa sustatzeko.

Kirolaren arloan ere herri-eraldaketa inklusiboa sustatu du Udalak, ABAILAN orientazio-zerbitzuaren bidez. Ekimenak herritar guztiek jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera izan dezaten bultzatzen du, bakoitzaren beharretara eta egoerara egokitutako orientazioa eskainiz. Horrela, kirola osasuna, ongizatea, inklusioa eta gizarte-kohesioa sustatzeko tresna bihurtu da, herritar guztien parte-hartzea erdigunean jarriz.

Azkenik, TXALUPAN programaren bidez, zailtasun linguistiko, sozial edo ekonomikoak dituzten haurrei herriko kirol-, kultura- eta aisialdi-jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzen zaie, haur guztiek herriko bizitzan aukera berdinak izan ditzaten.

Finean, Oriok Gizarte Zerbitzuetan egindako eraldaketak ondokoa islatzen du: programa bereizietatik sistema integratu batera; erreakzioan oinarritutako laguntzetatik prebentziora; trantsizio energetiko teknikotik trantsizio justura; zaurgarritasun-egoeran zeuden haurrak espazio komunetatik kanpo egotetik ohiko espazioetan parte hartzera; eta udal-baliabide isolatuetatik komunitate aktibo batera.