Udalak Orioko pobrezia, gabezia, desberdintasun eta gizarte-bazterketa egoerak aztertuko ditu, Siadeco Ikerketa Elkartearen bidez. Hori egiteko arrazoiak zein diren eta azterketa nolakoa izango den azaltzeko, aurkezpen-ekitaldi bat deitu du Udalak datorren asteazkenean, irailak 19. Aurkezpen-ekitaldia kultur etxean izango da, 19:00etan. Ekitaldi irekia da eta Udalak gaiarekin interesa duten herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera.
Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa
Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartuko ditu Siadecok, lan hori egiteko, herriko errealitatearen argazki ahalik eta osoena lortzeko. Azterketa irailean hasiko da eta urtea amaitu aurretik jasoko du emaitza Udalak.
Aurrena Orioko egitura soziodemografikoaren eta adierazle sozioekonomikoei buruzko informazioa bilduko du Siadecok zenbait iturritatik: Eustat, INE, Gipuzkoako Foru Aldundia (Gizarte Politikako Departamentua, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Inkesta…), Eurostat, Udala, eta abar.
Ondoren, inkesta bat egingo du Orioko 400 etxebizitzatan. Gaiari lotuta erabiltzen diren adierazleei buruzko informazioa bilduko du eta, ondoren, konparatu egingo ditu Orioko datuak eskualdekoekin, Gipuzkoakoekin, EAEkoekin, estatukoekin eta Europakoekin.
Ikerketaren alde kualitatiborako, ostera, Orioko eta inguruko eragile publiko eta pribatuengana joko du Siadecok, informatzaile kualifikatuak elkarrizketatzeko: Orioko Udala, Caritas, Lanbide, ikastetxeak, enplegu eta osasun zentroak, jubilatuen elkarteak, gizarteratze elkarteak, eta abar.
Azterketa horren bidez, Orioko Udalak jakin ahal izango du zenbat diren herrian pobrezian eta bazterketan bizi direnak eta zer nolako egoerak bizi dituzten.