Hitzaldian egoteko gonbita egin die Udalak herriko eragileei, UEMAren ESNATU! dinamikarekin bat egiteko. 19:00etan hasiko da saioa, kultur etxean.
‘Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan’ liburua izango du hizpide Gari Goikoetxeak. Iñaki Lurrebaso soziolinguistarekin elkarlanean idatzitako liburuan, euskararen egungo egoeraren azterketa egin dute, datuetan oinarrituta, eta hizkuntzaren etorkizunari begirako erronkak jarri dituzte mahai gainean.
Hitzaldian, liburuko ondorio nagusiak azalduko ditu Goikoetxeak, eta euskararen egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko aukera eskainiko die bertaratzen direnei.
ESNATU! dinamikarekin bat egiteko gonbidapena eragileei
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udaberrian abiatu zuen ESNATU! dinamika, xede argi batekin: euskararen arnasguneak biziberritzea, Euskal Herriko gune euskaldunenetako (Orio, beste askoren artean) hizkuntza-ohiturak indartuz, euskararen beheranzko joerari buelta emateko.
Horrenbestez, Udalak gonbidapena egin die herriko elkarteei, ostiraleko hitzordura bertara daitezen. Izan ere, hitzaldiaren ondoren, argazkia egin nahi da elkarte guztiekin batera, ESNATU! dinamikari babesa adierazteko.
