San Nikolasetako Gazte Eguneko bazkarirako sarrerak bihar jarriko dira salgai

Aurtengo San Nikolas jaiek berrikuntza izango dute: lehen aldiz, Gazte Eguna antolatuko da abenduaren 7an. Egun horretarako, kuadrillak eta lagun-taldeak elkartzeko egitaraua prestatu da, eta herri-bazkaria izango da hitzordu nagusietako bat, 16 urtetik gorakoentzat. Paella-lehiaketa egingo da, eta parte-hartzaileek taldeka prestatu beharko dute bazkaria.

Bazkarian parte hartzeko sarrerak bihar, azaroaren 6an, jarriko dira salgai Turismo Bulegoan, 17:00etatik aurrera, eta sarrera bakoitzak 6 euro balioko du. Izen-ematea egiterakoan, parte-hartzaile bakoitzaren izen-abizenak eta kamisetaren taila eman beharko dira, baita kuadrilla edo lagun-talde bakoitzeko kontaktu-pertsona baten datuak ere. Antolaketa errazteko, bost pertsonako gutxienez ordezkari batek joan beharko du Turismo Bulegora sarrerak erostera.

Kalejira eta paella-lehiaketa

Gazte Eguneko egitaraua 10:45ean hasiko da, herriko plazan, kamiseten banaketarekin. Ondoren, parte-hartzaileek kalejira egingo dute herriko txarangarekin batera, Orioko kaleetan zehar.

12:00etan, kuadrillak eta lagun-taldeak Mendibeltz ondoko kirol gunean elkartuko dira, paellak prestatzen hasteko. Bertan egingo da herri-bazkaria.

Orioko Udalak hainbat baliabide jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: sagardoa, karpa, kamisetak, arroza, mahaiak eta aulkiak. Gainerako materiala, ordea, kuadrilla eta lagun-talde bakoitzak eraman beharko du, hala nola kozinatzeko suak, sukaldeko tresnak, paellako osagarriak, platerak, sardexkak eta edalontziak.

Bazkalostean, garbiketa eta jolasak

Herri-bazkaria amaitutakoan, parte-hartzaileek mahaiak eta aulkiak jaso beharko dituzte, eta erabilitako sukaldeko tresnak garbitu. Horretarako, Udalak harraska bat jarriko du bertan.

Antolaketa egokia bermatzeko, ezinbestekoa izango da parte-hartzaile guztiek bazkalosteko garbiketa eta jasotze-lanetan laguntzea.

Hau bukatzean gainera, parte-hartzaileek jolasez gozatzeko aukera izango dute.