Egun hauetan banatu da Orioko postontzi guztietan UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) argitaratutako 2014ko abenduko berripapera.
Zortzi orrialdeko berripapera da, UEMAk argitaratu duen 40.a, eta mankomunitatea osatzen duten herri guztietan banatuko da. Guztira, 100.000 ale zabalduko dira Euskal Herriko txokorik euskaldunenetan.
‘Hizkuntz politika berezia behar dute arnasguneek’
Abenduko berripaper horretan, elkarrizketa egin diote Maren Belastegi UEMAko presidenteari eta elkarrizketak hartzen du berripaperaren tarterik zabalena. Bertan, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek daukaten garrantzia nabarmendu du Belastegik. “Udalerri euskaldunei teorian onartzen zaien garrantzia praktikara eramateko unean gaude. Euskararen arnasguneek politika bereziak behar dituzte”, dio. “Eta horregatik, UEMAk politika ausartak bultzatuko ditu”.
Administrazioa euskalduntzen egindako ahalegina eta emandako aurrerapausoak ere ikus daitezke berripaperean. Datuek erakusten dute, oro har, UEMAko udalak oso maila onean daudela euskararen erabilerari dagokionez.