Orioko Udaleko Kultura batzordeko buru Lourdes Salsamendik ohar hau argitaratu du, San Nikolas festen balorazioa egiteko:
San Nikolas jaiak 2017
Bukatu berri dira aurtengo festak eta, berriz ere, zorionak eman behar dizkiegu oriotar guztiei, jaiak bakean pasa ditugulako. Aurten eguraldiak ez digu askorik lagundu; baina, hala eta guztiz, jendea animatu da programan zeuden ekitaldietan parte hartzera.
Oraingoan ere txalotu eta zoriondu egin behar ditugu parte hartu duten eragile guzti-guztiak: herriko merkatari eta ostalariak, boluntarioak, brigadakoak, Udaltzaingoa, kultur etxeko arduraduna eta kultur teknikaria, eta Udaleko hainbat langile, nahiz eta ezkutuago egon, beren laguntza beti delako beharrezkoa festak aurrera ateratzeko.
Baina aurten kezka bat azaldu nahi dut eta, agian, autokritika egin ere bai. Gazteen parte-hartzeari buruz ari naiz. Argi dago zerbaitetan huts egin dugula: Udalak iaz Kuadrillen Eguna antolatu zuen lehenengo aldiz frontoian eta nahiko ondo joan zen, kuadrilla dezente hurbildu ziren-eta frontoira bazkaltzera. Aurten, beraz, proposamen berarekin jarraitzea pentsatu genuen: kuadrilla bakoitzak bere bazkaria eramatea eta Udalak sagardoa eta ura, gehi bazkaltzeko azpiegitura guztia antolatuko zuen; berogailuak ere jarri genituen. Kuadrillen parte-hartzea, hala ere, oso eskasa izan da.
Herriko festak denontzat dira eta, zenbat eta jende gehiagok parte hartu, denontzat hobe izango da. Festa-bilerak irekiak izaten dira, edozeinek dauka parte hartzea eta, zenbat eta ekarpen gehiago egin, hobeto denontzat. Festa Batzordearentzat denon ekarpenak dira garrantzitsuak; baina garrantzi handia du, batez ere, gazteek bertan parte hartzeak.
Baliteke festa-bilera horien deialdia ez iristea jende guztiarengana. Beraz, gure aldetik hausnarketa sakona egingo dugu, ikusteko ea zer eratara egin dezakegun deialdia, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.
Hala eta guztiz, hasieran esan bezala, herritar guztiak zoriontzeko gaude, jai giro ona izan dugulako.
Eta, beti bezala, ea guztion artean hobetzen ditugun hobetu beharrekoak.