Hondakinak Biltzeko Sistema Berria bete-betean sartu da indarrean eta otsailaren 15etik aurrera, beharrezkoa izango da txartela Orion, organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko. Txartelik gabe ezin izango dira edukiontzi horiek erabili.
Ontzi arinen, paperaren eta beiraren kasuan edukiontziak orain arte bezala jarraituko dute.
Txarteldun edukiontziak erabiltzeko, nahikoa da txartela hurbiltzea edukiontziaren aurreko aldean dagoen armarriaren irudira eta, ondoren, tapari gora tira egitea.
Ohiturak aldatzea beti da zaila eta, horregatik, Udal Elkarteak eta Udalak baliabideak jarri dituzte, herritarrek ahalik eta endredo gutxien izateko. Norbaitek arazoren bat baldin badauka bere txartelarekin, kultur etxean jarritako informazio-gunera jo behar du eta han konponduko diote. Herritarrek bertara jo behar dute, baita ere, aldaketaren bat edo hobekuntzaren bat proposatu nahi badute.
Informazio-gunea martxoaren 1a arte izango da zabalik, honako egun eta orduetan:
- Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00
- Asteazkenetan: 10:00-15:00
- Larunbatetan: 10:00-12:30
Udalak herritarren laguntza nahi du, sistema berria egoki abiatzeko, eta barkamena eskatzen die bizilagunei, aldez aurretik, hasieran sortuko diren endredoengatik. Pixkanaka joango da sistema berria indartzen.
Hondakinak ondo bereizteko argibideak
Herritarrak sistema berrira ahalik eta ondoen egokitzeko helburuarekin, Urola Kosta Udal Elkarteko arduradunek gomendio hauek egin dituzte:
1. Ondo bereiztu hondakinak: etxean hondakinak ondo bereiztu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea ezinbestekoa da gero hondakin horiek birziklatu ahal izateko.
2. Hondakin organikoak: poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan bota; plastikozko poltsetan, ez.
3. Hondakin organikoaren edukiontzira (estalki marroia) organikoa bakarrik bota, bestelakorik ez; bestela, hondakin horiekin ezin da konposta egin.
4. Enpresa eta establezimenduentzako puntuz puntuko bilketa: urtarrilaren 22an hasi zen zerbitzua. Hainbat gorabehera izan dira lehen egunetan, bilketen ibilbide eta ordutegietan. Hori dela eta, egokitzapenak eta aldaketak egin dira. Establezimenduei eta enpresei, batetik, pazientzia pixa bat eskatzen die Udalak eta, bestetik eskatzen die Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren jarraibideak betetzeko.
Zalantzak argitzeko baliabideak
Informazio-guneetara jo behar da, edozein zalantza argitzeko. Horrez gain, Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsulta daiteke, eta baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria (http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/hondakinen-hiztegia). Webgunean, gainera, hondakinen bilatzaileari esker (http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/hondakinen-bilatzailea) bilaketa zehatzak egin daitezke hondakin jakin bat nora bota zalantzak sortzen denean.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den azaroan martxan jarritako “InguruApp” doako aplikazioa ere deskargatu daiteke Play Storetik. Hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek tresna horretan egin dezakete kontsulta, egoki sailkatzeko.
Azkenik, Hondakinen Sistema Berriaren funtzionamendua herritarrei argitzen dien bideoa ere eskuragarri jarri da Udal Elkarteko webgunean.
Kale hezitzaileak
Sistema berriaren inguruan informazio jaso eta aztertzen jarraitzen ari dira kale hezitzaileak. Herritarren bitartekari nagusiak dira, bidelagun onenak. Herrietan finkatutako arreta eta informazio zerbitzuetan sortzen diren galderak erantzun eta zalantzak argitzen dituzte.
Horrez gain, sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egiten ari dira eta kalean edukiontzien inguruan ibiliko dira herritarrei laguntzen. Enpresa zein komertzio nahiz ostalariei sistemara egokitzen laguntzen ari dira.
Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaile eta langileak laguntzeko egongo dira eta sor daitekeen edozein arazo konpontzen saiatuko dira une oro.
Kaleko edukiontziak
Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen duen zabor bilketa sistema berriak aldaketak ekarri ditu kaleko edukiontzietan. Hori horrela, kolore hauetako edukiontziak topatuko dituzte herritarrek beren bilketa puntuetan:
• Marroia
◦ Organikoa
▪ Txartela beharrezkoa
▪ Poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan
• Grisa
◦ Errefusa
▪ Txartela beharrezkoa
• Horia
◦ Ontzi arinak
▪ Ez da txartelik behar, zabalik daude
• Urdina
◦ Papera eta kartoia
▪ Ez da txartelik behar, zabalik daude
• Berdea
◦ Beira
▪ Ez da txartelik behar, zabalik daude
Etxeko hondakin handiak
Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, asteartetan, 20:00etatik 22:00etara bitartean.
Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berri edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).