Udaleko Ekonomia eta Enplegu batzordeak bilera baterako deia egin du datorren astelehenerako, ekainak 22, 19:30ean.
Bileraren gaia honako hau izango da: herriko baserri eremua berrantolatzeko proposamena aurkeztea eta lantzea.
Urte hasieran Orioko Udalak bilera egin zuen herriko baserritarrekin. Bilera hartan aztertu ziren gaien artean, Orioko herriko mapa berriaz eta baserriek erroldan duten trataeraz hitz egin zen. Erroldan diseminados
multzoaren barruan ageri dira baserri guztiak eta horrek arazo dezente sortzen dizkie bertan bizi direnei: postaz datozen gutunak berandu iristea, Udalaren informazioa era normalizatuan jasotzeko zailtasunak, nekazaritza guneen izaera agerian ez izatea, eta abar. Bilera hartan, baserri eremuarentzat beste antolakuntza egokiago bat lantzeko konpromisoa hartu zuen Udalaren ordezkariak.
Orioko Ekonomia eta Enplegu batzordeak eta Obra eta Zerbitzuetako batzordeak gaia aztertu dute, udal teknikariekin batera, eta proposamen bat landu dute baserri eremua berrantolatzeko.
Berrantolaketa berriaren bidez, honako helburuak bete nahi ditu Udalak: alde batetik, konponbidea ematea baserritarrek duzuen postaren arazoari eta informazioa jasotzeko dauzkazuen zailtasunei, eta, bestetik, baserri eremuak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako gune izendatzea; baserri eremuak nekazaritza gune izendatzeak aukera emango die, bai Udalari eta bai baserritarrei hainbat diru laguntza errazago lortu ahal izateko.
Udalak prestatu duen antolaketa berriaren proposamena aurkeztuko die orain baserritarrei eta haien ekarpenak jasoko ditu. Horretarako da asteleheneko bilera.
Behin baserritarren oniritzia jasotakoan, udal batzordeetan aztertuko da gaia berriro, baserri eremuen planoa behin betikoz finkatzeko. Ondoren, gaiari bukaera emateko, Udalbatzarrak azken onarpena eman beharko dio.