Zorionak Anjel Lertxundiri!

Orioko Udalak zorionak eman nahi dizkio Anjel Lertxundiri, irabazi berri duen sariagatik eta, horretarako, testu bat prestatu du, komunikabideetara bidaltzeko.

Honela dio testuak:

ZORIONAK ANJEL LERTXUNDIRI

ZORIONAK ANJEL LERTXUNDIRI

Orioko Udalak zorionak eman nahi dizkio Anjel Lertxundiri. Anduren ?Eskarmentuaren paperak? liburuak eskuratu berri duen Espainiako Saiakera Sariak idazleari aitortzen dion merezimenduak eta maila literarioak poztu egiten gaitu. Orain saritu dutena liburu bat da, Anjelen 40 urteko eskarmentu aberatsak eman duen azkena, beharbada mugarri bat Anduren ibilbidean. Baina, gure ikuspegitik, Anjel Lertxundiren obra osoa da oparoa, ederra eta saritzeko modukoa. Euskara Lertxundiren ama hizkuntza ez ezik, haren zaletasuna, lan tresna eta hausnarketa gai nagusietako bat ere bada. Eta euskara eta euskal literatura, Anduren obraren bidez, inoizko mailarik gorenetakora iritsi da.

Horregatik eta bere liburu eta idatzietan beti erakutsi duen gure hizkuntzarekiko eta herriarekiko konpromisoagatik, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiogu Anduri, Orioren eta oriotarren izenean. Eta bide batez, aukera baliatu nahi dugu adierazteko harro sentitzen garela Anjel Lertxundi Andu Orioko Goiko Kalean jaio izanaz, eta Anjelen oroimen eta oroitzapenetan, eta ?Eskarmentuaren paperak? liburuko nolabaiteko autobiografian, Oriok eta oriotarrok daukagun tokiaz.

Bide batez, animatu egin nahi dugu goizero-goizero segitu dezan orri zuriari ekiten; jakin badakigulako haren lan nekagaitzaren fruitu izango diren hitz eta idatzietatik, literatur lan ederrez gain, gogoeta sakonak, mamitsuak eta interesgarriak sortuko direla, herritarrontzat eragingarri eta aberasgarri izango direnak.

Orion, 2010eko urriaren 21ean