Orio, euskarazko arnasgunea sendotu
izeneko jardunaldiaren barruan Jon Sarasuaren txanda izango da aste honetan. Jonek hitzaldia emango du kultur etxean asteazkenean, otsailak 16, 19:00etan hasita. Hizlariaren aurkezpena Nere Manterolak egingo du.
Jon Sarasuaren hitzaldiak izenburu hau izango du: Ideia batzuk norabideari buruz
.
Jon Sarasuak ahots propioa du euskalgintzan. Jende askorentzat bertsolari gisa ezaguna bada ere, urte dezente dira jendaurreko bertso-saioak utzi zituela. Orain irakasle dabil HUEZIn eta, horrez gain, hainbat kooperazio-egitasmotan sartuta dago, besteak beste Garabide elkartearen bidez.
Berak esana da Oriora ideia batzuk konpartitzera etorriko dela. Azken urteotako eskarmentuan oinarrituta, pista batzuk emango ditu, herrian euskararen aldeko lana etorkizunean nola antolatu asmatzen laguntzeko.