Orioko Udalak, 2005eko Berdintasunerako Euskal Legearen harira eta emakumezkoen eta gizonezkoen benetako berdintasuna lortzeko asmoz, Emakumeen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Diagnostikoa martxan jarri du, MURGIBE Aholkularitzaren laguntzarekin.
Diagnostikoaren helburu nagusia honako hau da: herriko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko egoera zein den identifikatzea. Horretarako, bilera, elkarrizketa eta biztanleen topaketak egingo dira eta, horrez gain, galdetegiak pasatuko zaizkie Udaleko langileei eta Orioko erakunde eta elkarteei. Datozen egunetan Murgibeko langileak harremanetan jarriko dira oriotar askorekin diagnostiko hori egiten hasteko. Hainbat esparrutako informazioa bilduko dute, egoera zein den ezagutzeko eta nola lan egiten den jakiteko.
Diagnostikoa egiteak, gutxi gorabehera, 3 hilabete beharko ditu eta, behar bezala egiteko, nahitaezkoa izango da herritarrek parte hartzea.
Diagnostiko hori baliagarria izango da, gero, Berdintasunerako Planean zer lan ildo jarraituko den zehazteko. Berdintasunerako Planaren diseinua diagnostikoan atzemandako beharretan oinarrituko da, kontuan hartuz, baita ere, EAEko Emakumeen eta Gizonezkoen IV. Berdintasun Planaren arlo eta premisak.
Behin prozesua amaitu eta Berdintasunerako Plana idatzi ondoren, aurkeztu egingo zaie Udaleko langileei eta herritarrei, planaren helburuak eta lan ildoak zein diren jakin dezaten.