OinHerri Herri Hezitzaileak elkartea aurkezteko saio irekia antolatu du Udalak datorren asteartean

Orioko Udalak saio irekia antolatu du, OinHerri Herri Hezitzaileak elkartea herritarrei aurkezteko. Aurkezpen hori datorren asteartean, martxoak 22, egingo du Udalak, Salatxo aretoan, 18:30ean.

Orioko Udalak eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2020an, pandemia betean eta, hitzarmen horren bidez, Udalak dirulaguntza ematen dio elkarteari, «bere jarduera eta proiektuak finantzatzeko eta Orion bere printzipio eta lan-ildoak garatzeko, hezkuntzako eragileekin elkarlanean». Pandemia-egoera dela eta, Udalak ez du oraindik egin OinHerri elkartearen lana herritarrei ezagutarazteko saio irekirik. Udaleko teknikariei eta hezkuntza alorreko eragileei aurkeztu zaie elkartea, baina ez da aurkezpen irekirik egin herritar guztientzat.

Aurkezpen ireki hori datorren asteartean egingo du Udalak eta gaiarekin interesa duten guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.

OinHerri Herri Hezitzaileak

OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak denbora darama haurren hezkuntza eta aisialdia beste modu batera antolatzeko moduak aztertzen, teoria eta praktika uztartuz. Bere helburua da, herrigintzatik abiatuta, benetako parte-hartzea bultzatzea eta balio hezitzaileak hedatzea. Elkarteak honela formulatzen du bere xedea: «Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea».

Udalak bat egiten du elkartearen xedearekin eta bide bat egin nahi du, herriko hezkuntza-eragile guztiekin elkarlanean, xede hori Orion garatzeko.

Elkarteari buruzko informazio gehiago, hemen:

www.herrihezitzailea.eus