Itsas ondareari buruzko bisita gidatua antolatu du turismo-bulegoak

Orioko itsas ondarean sakontzeko aukera izango da martxoaren 26an, larunbatarekin, turismo-bulegoak antolatutako bisita gidatuan. 11:00etan Pilliku plazatik aterako da, turismo-bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Bisita doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da.

Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak, balea-arrantza… Mende luzez, Orioko ekonomiak eta gizarteak lotura estua izan du errioarekin, eta horrek herriaren eta herritarren nortasuna zizelkatu du. Bisitaren helburua iraganera bidaia egitea izango da, modu atsegin eta dibulgatiboan.

Martxoa Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea dela aprobetxatuz antolatu du bisita turismo-bulegoak, Done Jakue Interpretazio Zentroa sare horretako partaidea baita. Datozen hiletan bisita gehiago antolatzeko asmoa du Udaleko Turismo sailak.

Izen-ematea, zabalik

Bisita gidatuan parte hartzeko aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan, orioturismo@gmail.com helbidean edo 943 83 55 65 telefonoan. Plaza mugatuak izango dira.