Atzo hil zen Karlos Perona musikari oriotarra. Orioko Udalak Peronak urtetan egindako lana goraipatu du eta ondorengoei musikarako zaletasuna pizten egindako ahalegina eskertu nahi dio.
Gaur arraunlariek ez dute herrira trapurik ekarri. Baina herritar askoren buruan dabil aliron kantua. Atzo hil baitzen Karlos Perona. Klarinetea eskuan hartuta hamaika aldiz egina du etxetik herri atarirainoko bidea, bueltan, arraunlariekin eta banderarekin itzultzeko. Peronaren doinuek zabaldu izan dute urtetan garaipenaren albistea. Peronaren doinuek egin diote harrera arraunlariei.
Musikari apala eta langilea izan da Perona. Bere ingurukoei musikarako zaletasuna transmititzen ahalegin handia egindakoa. Musikari familia da peronatarrena eta, seguru asko, aitona Karlosek izango du erruaren zati handiena.
Udalak bat egiten du familiaren atsekabearekin.
Goian bego, Karlos Perona.