KONPETENTZIEN ESKOLA izeneko zerbitzua sortu du Udal Elkarteak, eskualdeko langileen kualifikazio-beharrei erantzuteko

Hasteko, bi ikastaro antolatu ditu: “Izan-be digital” eta “45+Indartzen”. Izena emateko epea irekita dago urriaren 25era arte.

Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzuak KONPETENTZIEN ESKOLA zerbitzu berria abiarazi du. Funtsean, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektore ekonomikoen kualifikazio-beharrei erantzuteko jaio da eskola. Eskualdeko enpresetan kultura eraikitzailea indartzen lagundu nahi du Udal Elkarteak, etengabeko ikaskuntza sustatuz eta trebakuntzaren bidez. Bi alorretan eragin nahi du: batetik, pertsonen laneratzea erraztu eta beren aurrerabide profesionala suspertu; eta, bestetik, eskualdeko erakunde nahiz enpresen errendimenduan eragin.

KONPETENTZIEN ESKOLAren baitan, bi prestakuntza berri eskainiko dira urte amaiera bitartean: “45+ indartzen” egitasmoa eta “Izan-Be digital” ikastaroa.

Izan-Be digital

Estreinakoz antolatu da herritarren trebetasun digitalak hobetzera bideratutako ikastaro trinkoa. Kurtsoaren helburua da herritarrak gailu eta erreminta digitaletan trebatzea; teknologia praktikan jartzeaz gain, abilezia digitalak bereganatu eta lana bilatzeko baliabideetan entrenatu daitezen. Partaideek punta-puntako tresna teknologikoak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera izango dute.

  • Programaren helburua: Gaur egun, enpresetan lan egiteko beharrezkoak diren baliabide teknologikoetan herritarrak gaitzea.
  • Norentzat: Goi mailako ikasketak dituzten eskualdeko herritar guztiei bideratuta; langile nahiz lana bilatzen ari direnentzat.
  • Programaren xehetasunak: Guztira, 145 orduko ikastaroa izango da. Lehen prestakuntza fasean (130 ordu) lan-merkatuan aritzeko beharrezkoa den teknologiaren ezagutza praktikoa eskainiko da. “Lan-mundura zubia” izeneko bigarren fasean (15 ordu), aldiz, lana bilatzeko baliabideak ezagutu eta entrenatzeko aukera eskainiko da.

Ikastaroa azaroaren 4tik abenduaren 13ra bitartean izango da. Eskolak goizez izango dira, 09:30etik 14:30era.

Gai hauek jorratuko dira:

  • Digital Business (15 ordu)
  • Ecommerce OmnichaneL (15 ordu)
  • Internet of things (15 ordu)
  • Zibersegurtasuna (10 ordu)
  • Errealitate birtuala eta areagotua (20 ordu)
  • Big Data & Business Intelligence (20 ordu)
  • Robotika eta sistema adimentsuak (20 ordu)
  • Ekoizpen adimentsua (20 ordu)

45+ Indartzen

“45+ Indartzen” programaren bitartez, prestakuntza eskaini nahi zaie eskualdeko 45 urtetik gorako pertsonei. Bereziki lan-munduan txertatzeko edota lan-baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenei bideratuta, ekimenaren helburua da garapen pertsonalaren eta profesionalaren bitartez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea. Eskualdeko ongizatean beste urrats bat aurrera egiteko asmoz, programan parte hartzen duten herritarrek aukera izango dute prestakuntza-erreminta berritzaileez jantzi, munduarekiko begirada aldatu eta, funtsean, lan-ibilbideari indarrez (ber)-ekiteko.

  • Programaren helburua: 45 urtetik gorako eskualdeko herritarrei aldaketarako indartzea, hobekuntzarako bidea irekitzea eta bakoitzarekiko eta munduarekiko begirada aldatzea, lanera- itzulera indarrez ekiteko.
  • Norentzat: Eskualdeko 45 urtetik gorako herritar guztiei bideratuta; batez ere, lan-mundura txertatzeko edo lan-baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenentzat.
  • Programaren xehetasunak: Guztira, 10 saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Azaroaren 11tik 22ra bitartean: bi astez, goizez; 09:30etik 13:30era.

Taldekako prestakuntza jasotzeaz gain, partaide guztiek 3 bakarkako coaching-saio jasotzeko aukera izango dute (azaroan bi saio, eta abenduan beste bat). Partaide bakoitzarekin zuzen-zuzenean adostuko da bakarkako saioen egutegia.

Programa hasteko, ekitaldia egingo da urriaren 30ean, 9:30etik 11:30era.  Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.

Argibideak eta izen ematea

Informazio-saio bana antolatu du Udal Elkarteak interesa duten herritarrentzat, prestakuntza programa bakoitzaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

Izan-Be digital:

  • Eguna eta ordua: urriak 10, osteguna, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

45+ Indartzen:

  • Eguna eta ordua: urriak 11, ostirala, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Bi ekimenetan parte hartzeko, izena eman behar da, aldez aurretik, urriaren 25a baino lehen. Izena emateko eskaera-orria web gunean jaitsi daiteke edo harreran jaso.

Izan-Be digital ikastarorako, eskaera-orriaz gain, ezinbestekoa da galdetegia betetzea.

Eskaera-orria, NAN fotokopia eta curriculuma aurkeztu beharko dira, emailez: lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora, edo aurrez aurre Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzan:

Urdaneta bidea 6, 20800, Abendaño poligonoa, Zarautz.

Edozein kontsultarako, jo Urola Kostako Udal Elkartearengana:

Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia
Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)
Tel. 943890808
lanpoltsa@urolakosta.eus