Eskualdeko ostalariei prestakuntza emango die Udal Elkarteak

Egoera zaila bizi du ostalaritzak eta, horren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteak, bere eskumen eta ahalmenen baitan, babesa eman nahi dio sektoreari eta, horretarako, hainbat ekimen jarriko ditu martxan.

Ziurgabetasunaren aurrean, formazioa

Lehenik eta behin prestakuntzan eskainiko die eskualdeko ostalaritza-sektoreko profesionalei.

Launa orduko bi saiotan eskainiko da 8 orduko prestakuntza. Ikastaroa presentziala izango da eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan emango da, goizez:

  • Egunak: Abenduak 3 (osteguna) eta 4 (ostirala)
  • Ordua: 09:30etik 13:30etara

Ostalaritza-sektorea gero eta profesionalagoa da eta kudeaketa-eredu eraginkorrago baterantz urratsak emateko diseinatu da formazioa, epe motz eta ertainera begirako estrategiak zehazten laguntzeko.

Hauek dira bi saioetan nagusiki landuko diren gaiak:

  • Covid-19ak eragindako testuingurua: ziurgabetasunetik ohitura aldaketetara
  • Negozioaren kudeaketa: lantaldeak, estrategiak, negozio-eredu berritzaileak…
  • Etengabeko aldaketa: akatsetatik abiatuta, sare sozialetaraino.
  • Eramateko zerbitzua: take away, delivery eta packaging aukerak
  • Covid-19aren ondorengo joera nagusiak: ordutegiak, prezioak, bezeroarekiko konfiantza…

Plaza kopurua mugatua da; gehienez, eskualdeko 12 partaidek izango dute formazioan parte hartzeko aukera. Gehiago izanez gero, hautaketa-prozesua jarriko da martxan, betiere kontuan hartuta bai izen-ematearen ordena eta baita eskualdeko udalerrien arteko oreka ere.

Izen-ematea eta informazioa

Izena emateko, mezu bat bidali behar da enpresa@urolakosta.eus helbidera; mezuan zehaztu behar da zein udalerritan dagoen negozioa eta zein jarduera ekonomiko egiten duen.

Izena emateko epea abenduaren 2an, eguerdiko 12:00etan amaituko da.

Informazio gehiago lortzeko, idatzi enpresa@urolakosta.eus helbidera edo deitu 943 890 808 telefonora.

Aurrera begira

Ikastaro honen ondoren, zuzen-zuzenean ostalaritza-sektoreari bideratutako beste ekintza batzuk ere aurreikusita daude datozen asteetan: urtea amaitu aurretik beste ikastaro bat eskainiko da janaria etxera eramateko zerbitzuari buruzkoa, badirudi-eta zerbitzu-mota honek segituko duela indarra hartzen gerora.

Bestalde, janaria etxera eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko establezimenduen gida bateratua landuko da; herritarren eskura jartzeko eta bertako kontsumoa bultzatzeko.