Udalak aldatu egin du Gabonetako argiak direla eta azken urteotan erabili duen irizpidea eta herriaren izaerarekin lotuago dauden argi eta apaingarriak instalatuko ditu aurten. Dagoeneko hasita dago argietako batzuk instalatzen: argazkian ikusi daiteke, esate baterako, herriko zubiaren azpian jarri diren koloretako argiak, errioa argiztatzen dutenak. Datozen egunotan, pixkanaka, instalazioa osatzen joango da Udala, plazan, moila inguruan, Eusko Gudari kalean…
Merkatariekin elkar lanean
Jokin Eizagirre usurbildarra da aurtengo argi eta apaingarrien proposamena landu duena. Jokin Eizagirrek egina da, esate baterako, Xixario jatetxearen aurreko arrainen instalazioa. Ildo beretik, herriaren izaerarekin bat datozen apaingarriak jarriko dira, betiko Gabonetako apaingarri orokorren partez. Helburua da herria modu berezian apaintzea eta erakargarri egitea bertakoentzat eta bisitarientzat. Udalak lan-ildo bat abiatua du herriko merkataritza suspertzeko, gure izaera eta ezaugarrietan oinarrituta, eta lan-ildo horren barruan kokatzen da Gabonetako apaingarriak aldatzeko erabaki hau ere. Udalak merkatariekin elkarlanean landu du proposamena.
Apaingarriak Udalarentzat geratuko dira
Udalak, orain arte, enpresa bati alokatu izan dizkio Gabonetako argiak, baina aurten erosi egingo ditu eta, beraz, gerora ere erabiltzeko moduan izango da, Gabonetan edo bestelako jairen batean.