Joan den astelehenaz geroztik, derrigorrezkoa da txartela erabiltzea organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko

Herritarrei gogorarazten zaie hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utzi behar dela eta erabat debekatuta dagoela hondakin-poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea, argazkian ikusten den bezala.

Udal Elkarteak edukiontziak irekitzea erabaki zuen martxoan, COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean. Urrian, berriz, egoera berriz aztertu eta hondakinak biltzeko zerbitzua berrantolatzen hasi zen Udal Elkartea eta, horren ondorioz, organikoaren eta errefusaren edukiontziak berriro itxi eta, lehen bezala, txartel bidez irekitzeko moduan uztea erabaki du.

Etxe bakoitzak bere txartela

Edukiontziak irekitzeko erabiltzen den txartela etxebizitza bakoitzari dagokio eta etxe horri dagokion hondakin-guneko edukiontziak bakarrik irekitzen ditu. Txartela galdu edo hondatuz gero, berri bat eskatu behar da udaletxean edo Udal Elkartean (943 131 144, hondakinak@urolakosta.eus).

Neurriak betetzeko deia

Udal Elkarteak premiazko deia egiten die herritarrei, hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten. Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa zerbitzuko langileena ere.