‘Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko’ egitasmoaren barruan Udalak eta herriko bi ikastetxeek deialdia egin dute datorren asteazkenean, maiatzak 28, argazki jendetsua ateratzeko arratsaldeko bostetan, arranpla ondoko plazan.
Helburua da ‘Euskaraz gara’ leloa osatzea han juntatzen den jende guztiarekin. Parte-hartzaile bakoitzak, heldu zein ume, kartulina bati eutsiko dio eta guztien artean leloaren letrak osatuko dituzte.
Gutxienez 133 lagun beharko dira letra guztiak osatzeko.
Ekimena UEMAko hainbat herritan egingo da eta ateratako argazkiak ekainaren 14an Tolosan egingo den Udalerri Euskaldunen egunean erakutsiko dira.
‘Parketarrak’ programaren azken egunean
Orioko Udalak eta bi ikastetxeek aurtengo ‘Parketarrak’ programaren bukaerarekin lotu nahi izan dute ekimena.
Haur eta guraso ugarik parte hartu du ‘Parketarrak’ programan maiatzean eta guztiak gonbidatuta daude maiatzaren 28an egingo den mosaiko jendetsura. Hala ere, programa horretan parte hartu ala ez, ikastetxeek haur eta guraso guztiak gonbidatzen dituzte asteazkeneko ekitaldira.
Bi ikastetxeetako haur eta gurasoez gain, ‘Euskaraz gara’ leloarekin bat egiten duten herritar guztiak ere gonbidatu nahi dituzte antolatzaileek, egun horretan mosaikoa osatzen laguntzera, jende asko beharko da-eta.
Arnasguneak indartu, sentsibilizazioan eraginez
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) ahalegin handia egiten ari da euskararen arnasguneetan herritarren sentsibilizazioan eragiteko eta euskararen aldeko konpromisoa sustatzeko. Horregatik aukeratu du ‘Euskaraz gara’ leloa aurtengo udalerri euskaldunen festarako.