Kirola
Eka 12 Eka 13
09:30 - 20:00

Hondartza-eskubaloiko Euskadiko txapelketa jokatuko da Orion larunbat-igandeetan

Lekua: Orioko hondartzan
Antolatzailea: Orio Eragin eskubaloi-taldea eta Euskadiko Eskubaloi Ferederazioa

Txapelketa Euskal Eskubaloi Federazioak eta Orioko «Orio Eragin» eskubaloi-taldeak antolatu dute eta 20 klubetako 250 jokalarik parte hartuko dute asteburuan zehar.

Eskubaloi Federazioa «Orio Eragin» taldearekin harremanetan jarri zen txapelketa hau antolatzeko, Orioko elkarteak indar handia hartu duelako bere ibilbide laburrean. «Orio Eragin» 2019an sortu zen eta, gaur egun, 140 kirolari dabiltza klubean, guztiak emakumeak.

Gipuzkoan inoiz jokatutako hondartza-eskubaloiko lehen txapelketa ofiziala izango da Oriokoa. Txapelketak bi saio izango ditu: lehenbizikoa Orion, asteburu honetan, eta bigarrena Getxon, uztailaren 3-4an. Senior kategoriakoa da, baina igande arratsaldean, behin txapelketa ofizialeko partidak goizean bukatuta, erakustaldiko partidak jokatuko dira eta hor beste kategorietakoek ere jokatuko dute.

Partida ofizialak 20 minutukoak izango dira, 10 minutuko bi txandatan banatuta.

Ordutegia

Partida ofizialak 09:30ean hasiko dira larunbatean eta egun osoan jokatuko dira, 20:00ak arte, hondarretan markatuko diren lau zelaitan. Igandean, berriz, 10:00etan hasiko da lehiaketa eta 15:00etan bukatuko da. Erakustaldiko partidak, berriz, arratsaldez jokatuko dira, 16:00etatik 20:00etara.

Prentsaurrekoa udaletxean

Gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan, «Orio Eragin» kirol-elkarteko presidente Idoia Larrañagak adierazi du taldearentzat erronka izugarria dela txapelketa antolatzea eta gogor ari direla lanean guztia ondo ateratzeko.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, arretaz zainduko dituzte segurtasun-arauak eta, bereziki, ahalegin handia egingo dute jende-pilaketarik ez izateko txapelketak irauten duen denboran.

Federazioaren presidente Sergio Barcenillak prentsaurrekoan adierazi duenez, oso kirol ikusgarria da hondartza-eskubaloia eta dei egin die ezagutzen ez dutenei Oriora etortzeko eta ikusteko. Gozatuko dutela esan du.

Anuska Esnal Oliden alkateak, azkenik, adierazi du Udalak begi onez ikusi duela txapelketa antolatzeko proposamena, herriko talde indartsu baten eskutik etorri delako eta bat egiten duelako Udalak bultzatu nahi duen ekimen-motarekin.

 eskubaloiprentsaurrekoa21