Musika
Eka 18
19:00

Iratz Urkizuk kontzertua emango du Arraunetxen ekainaren 18an

Lekua: Arraunetxe
Antolatzailea: Orioko Udala

Iratz Urkizu oriotarrak bere lehen diskoa aurkeztuko du Orion ekainaren 18an, ostiralarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.

Kontzerturako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 5 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 70 sarrera daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

Iratz Urkizu abeslaria

Iratz Urkizu Gastañazpi (1996) oriotarra da eta plazaratu berri du bere lehenbiziko diskoa. Bederatzi abestiz osatuta dago eta Arraunetxen aurkeztuko du jendaurrean aurrenekoz.

Honela laburbiltzen du Iratz Urkizuk bere orain arteko ibilbidea musikaren munduan:

Bide Batez trikiti-taldean eman nituen jende aurrean kantatzeko lehen pausoak, ordura arte etxean bakarrik kantatu izan nuen-eta. Joan den martxoko itxialdia gitarra ikasteko aitzaki paregabetzat hartu nuen eta hor hasi nintzen orain diskoan dauden doinuak sortzen.

Txikitatik izan dut musikarekin lotura, familian beti presente izan baitugu arlo hori. Horrek aukera eman dit proiektu hau familiakoekin osatzeko.

Azkenean, txikitan ezinezkoa ikusten nuen amets bat egia bihurtu dela esan nezake.

Bederatzi abesti entzuteko aukera egongo da diskoan. Horietatik zortzi nik sortutako doinuak dira eta bederatzigarrena, berriz, aitak bere garaian sortu zuen «Bizitzarekin lehian» kantuaren bertsioa da. Hitzei dagokienez, hainbat idazlek josi dituzte nire kantuak : Kirmen Uribe, Itzea Urkizu, Xabier Sukia, Maddalen Arzallus, Aner Peritz eta abar. Nire taldekideak izango diren musikariek grabatu dituzte kantu guztiak, baina horiez gain, kolaboratzaile batzuk ere izan ditut; Joanes Ederra, Iker Lauroba, Andoni Garcia, Arantzazu Mujika eta abar.

Apirilen grabatu nuen diskoa Ame Estudioan eta lehen aurrerapen-kanta plataforma digitaletan jarri dut eskuragarri ekainaren 4an. Disko osoa, berriz, ekainaren 11n kaleratuko da eta aurkezpena ekainaren 18an egingo dut, Orioko Arraunetxan arratsaldeko 19:00etan.