Abenduko kultur agenda aurkeztu du Udalak

Udalak prentsaurrekoa eman du goizean, abenduko kultur jardueren agenda aurkezteko. Prentsaurrekoa 11:30ean egin da eta bertan izan dira Xabier Ibarguren kultur zinegotzia, Julen Alonso musikari oriotarra eta Uhaina Atxotegi kultur teknikaria.

Prentsaurrekoan, Xabier Ibargurenek nabarmendu nahi izan du «Udal-gobernuak, kulturaren alde egoteaz gain, kulturaren alde egiteko pausoa ere eman nahi» duela, eta horretara datorrela abenduko kultur jardueren agenda. «Hizkuntzak eta kulturak egiten gaituzte herri eta, egoera zail honetan, mahai gainean jarri nahi dugu kultura segurua dela eta beharrezkoa dela. Ahal dugun neurrian, horretan ere arnasgune izan nahi dugu, kulturak aberastasuna eta osasuna ere ematen baitu, arlo guztietan. Eta hori da herriari eskaini nahi dioguna».

Xabierrek azpimarratu du «osasun-jarraibideek eta legeek uzten diguten heinean» Udalak segituko duela «euskaratik sortu eta euskaraz sortuak diren kultur egitarauak sustatzen, programatzen eta eragiten».

Bukatzeko, herritarrei mezua bidali die, kultur ekitaldietan, orain arte bezala, arduraz jokatzeko, neurriak betez, distantziak zainduz eta aholkuak aintzakotzat hartuz, eta eskerrak eman dizkie kultur ekitaldietako lantaldeari, udal-brigadari, Imanol Urkizuri eta, era berezian, Bittor Andres gobernukideari, beti erakusten duten prestutasunagatik.

Abenduko kultur agenda oso indartsua dator eta era askotako ekitaldiak jasotzen ditu. Ekitaldietarako sarrerak edo gonbitak aldez aurretik hartu beharko dira eta ekitaldia baino hamabost egun lehenago eskuratu ahal izango dira kultur etxean.

ABENDUKO KULTUR AGENDA

Abenduak 1, asteartea

18:00 Leire Zinkunegi ipuin-kontalariaren saioa kultur etxean, 5-8 arteko haurrentzat. Doan.

Abenduak 5, larunbata

19:00 Julen Alonso & Oinkari dantza-taldearen emanaldia kiroldegian. 10€

Abenduak 6, igandea

12:30 Urteroko bertso-saioa, Errikotxia bertsozale elkarteak antolatua, kiroldegian. Doan.

Abenduak 12, larunbata

19:00 Ruper Ordorikaren kantaldia kiroldegian. 10€

Abenduak 14, astelehena

18:00 Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa kultur etxean, 3-6 arteko haurrentzat. Doan.

Abenduak 19, larunbata

19:00 Zetak musika-taldearen kontzertua kiroldegian. 10€

Abenduak 22, asteartea

17:00 «Urpekariak» bertso-antzerkia haurrentzat Arraunetxen. Doan

Abenduak 26, larunbata

19:00 Anari abeslariaren kantaldia kiroldegian. 10€

Abenduak 28, astelehena

19:00 Ispirit gospel-taldearen kontzertua elizan. Doan

Abenduak 30, asteazkena

19:00 «Losers. Galtzaileak» antzezlana Arraunetxen, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreekin. 10€

Urtarrilak 2, larunbata

19:00 Xabi Solano Maiza & Kimua dantza-kolektiboaren emanaldia kiroldegian. 10€

 

2012kulturagendaBI