Orioko Udalak Abailan izeneko Kirol Orientabide Zerbitzua (KOZ) jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol zerbitzuarekin elkarlanean. Zerbitzuaren helburua da jarduera fisikoa modu erregularrean egiten ez duten herritarrak aktibatzea, horretarako, herrian dauden baliabideak eskainiz. Doako zerbitzua da, eta aste honetatik aurrera hitzordua hartzeko aukera izango da Karela kiroldegian dagoen bulegoan.
Ezagutza falta, patologiak, bazterketa egoerak… Askotarikoak dira kirola egiteko orduan herritarrek izan ditzaketen oztopo edo zailtasunak, eta horiek gainditzen laguntzeko, Abailan zerbitzua jarri du martxan Udalak. Osasunaren, gizarte zerbitzuen eta hezkuntzaren alorreko eragileekin koordinatuta lan egingo du bulego honek, eta kirola egiteko zailtasunak dituzten herritarrei aukera ezberdinak eskainiko dizkie:
- Alde batetik, herrian dauden baliabideen inguruko informazioa emango die, beren intereseko aukerak aurkitu ditzaten.
- Bestetik, eragile horiekin harremanetan jartzen lagunduko die, bidea errazago egiteko eta dituzten beharrak ondo azaltzeko.
- Horrez gain, ibilbide pertsonalizatu bat diseinatzen lagunduko die, zailtasunak errazago gainditzeko eta bizimodu aktiboak denboran iraun dezan.
- Eta azkenik, prozesuaren jarraipena egingo zaie, unean uneko beharrei erantzuteko.
Hartu hitzordua
Zerbitzua aste honetan jarri da martxan, eta bulegoa Karela kiroldegian dago. Carla Perez da Abailan-en arduraduna, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduduna, eta ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea.
Horretarako, kiroldegiko harrerara jo behar da, edota abailan@equiponeo.com helbidera idatzi. Hau da zerbitzuaren ordutegia:
