Ahalduntze Eskola, feminismotik herrigintzan

 

Badira lau urte Pertzetik elkarteko kideak, Udalarekin elkarlanean, berdintasunari lotutako politikak lantzen hasi zirela. Gaur egun Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia oriotarrak dira Ahalduntze Eskolako arduradunak, eta urrats garrantzitsuak egiten ari dira mugimendu feministaren aldarrietatik abiatuta, gizarte parekideago baten eraikuntzan. Ibilbide horren errepasoa egin dugu haiekin.

Zein izan da mugimendu feministak herrian izan duen bilakaera?

Orioko mugimendu feminista gorabeheratsua izan da, baina 80ko hamarkadatik bizirik eta borrokan aritu gara emakume feministak, haize-boladaka izan bada ere. Guk hiru olatu feminista identifikatzen ditugu: 80ko hamarkadan biltzen hasi zen lehen emakume-talde antolatua; bigarren olatua 2010ean hasi zen, Xaltxerak izenarekin; eta hirugarrenak 2015ean berpiztu zuen mugimendua, izen berarekin. Gu hirugarren olatu horretan aritu gara eta mugimendu horren baitan sortu zen Orioko Emakumeon* Ahalduntze Eskola, 2019an. Pertzetik elkartea, azken finean, Ahalduntze Eskola kudeatzeko behar genuen egitura da.

Nondik sortu da eta zein esparrutan zabaldu da bereziki mugimendua?

Herritik sortu eta herrira zabaldu da beti mugimendu feminista eta, batzuetan, beste militantzia-esparruetatik ere etorri izan da. Gu biok, adibidez, Gaztetxeko mugimenduan ibili izan gara eta han edan dugu feminismotik. Gerora, gure buruak mugimendu feministan kokatu genituen. Esango genuke mugimendu feministak aitortza izan duela azken urteetan herritarren aldetik, baina bertan militatzeko grina emakume gutxik daukatela ikusten dugu. Hemen dago, gure ustez, erronka nagusia.

2019ko diagnosiak Orio herri matxista zela utzi zuen agerian. Horren kontziente zen herria? Eta orain, herritarrek zein ikuspegi dutela esango zenukete?

Mugimendu feministan gabiltzanok oso argi genuen Orio herri matxista dela. Eta, esango genuke, herriko emakumeek* ere bazutela kontzientzia hori, norbanako bezala. Diagnosiarekin lortu genuena izan zen norbanakoen ahots hori kolektiboki jasotzea. Orokorrean, mugimendu feministak egindako ibilbideak ekarri du ikuspegi feminista globalago bat, eta greba feministak eta emakumeok planto egiteak inflexio-puntua eragin zuen jendartean.

Nola baloratuko zenukete azken lau urteetan berdintasunaren alorrean egin den bidea?

Azken lau urteetan egindako bidea positiboki baloratzen dugu, kontuan izanda hutsetik hasi garela. 2019ra arte Orioko Udalak ez zuen berdintasun-arloarekin lotutako ia ekintzarik egiten eta feminismoak ez zuen instituzioan tokirik: kalean zegoen eta emakume gutxi batzuengan zuen eragina. Beraz, esan dezakegu bide baten hasiera dela Ahalduntze Eskolaren sorrera, berdintasun-plan bat izatea eta Orioko Emakumeen* Etxea irekitzeko bidean egotea. Ahaztu gabe bide honek jarraipena eskatzen duela eta egiteko asko dagoela.

2022. urtearen amaieran desegin zen herriko Xaltxerak talde feminista.

Azken urteetan Xaltxerak taldeak ekintza publiko asko egiteko joera hartu zuen eta, horrez gain, belaunaldi berriak gerturatzeko beharra zuen. Neke horren ondorioz etorri zen jarduna uztea. Guk pena handiz bizi dugu herrian mugimendu feminista aktibo bat ez egotea, kalekoa, talde feministarik gabe ez dagoelako borroka feministarik. Baina ziur gaude laugarren olatua, lehenago edo beranduago, sortuko dela.

2023ko erronka nagusien artean dago indarkeria matxistaren kontrako protokoloa garatzea. Zein garrantzia du protokolo honek eta zein urrats jarraituko dituzue hori garatzeko?

Oraintxe bertan, instituzionalki, indarkeria matxistaren aurrean ez gaude antolatuta. Erakunde bakoitzak (Udala, Osakidetza, Ertzaintza…) bere bidea egiten du besteekin harremanik egin gabe. Indarkeria kasu bat dagoenean, erantzunak azkarra eta eraginkorra izan behar du eta, horretarako, ezinbestekoa da erakundeen artean aurrez landutako eta adostutako plan bat osatzea. Sortzen Aholkularitza eta Udala protokoloaren lehen fasea lantzen hasiak dira dagoeneko eta 2023 amaierarako prest izango dela aurreikusi dute.

Aurtengo mugarri garrantzitsuena Orioko Emakumeen* Etxearen irekiera izango da. Zein onura eta aukera eskainiko dizkio herriari?

Mugimendu feministatik beti amestu dugu Orion Emakumeen* Etxea izatearekin, behar gisa identifikatuta genuelako. Herriko emakume guztiok indarrak batzeko espazio bat izango dugu azkenean, jendarte parekide baterako bidean, aurrera egiteko topagunea. Bestalde, bakardadeak emakume aurpegia du, eta dinamika horrekin haustea da gure helburuetako bat. Saretzearekin lotuta, harreman berriak sortu eta familia osatzeko espazio bat eskaini nahi dugu. Herriko emakume anitzen ahotsak jaso nahi ditugu, izan ere, proiektu honetan subjektu aktiboak emakumeak* dira eta gara. Etxearen martxa erabiltzaileen beharren eta eskaeren arabera moldatzen joango gara.