Ahalduntze Eskolaren urteko jarduna bermatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Pertzetik elkarte feministak

Gaur, martxoaren 10ean, hitzarmena sinatu dute Orioko Udalak eta Ahalduntze Eskolaren kudeaketaz arduratzen den Pertzetik elkarte feministak. Berdintasunezko politikak gauzatzeko eta gizarte inklusiboa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du horrela Udalak.

Formakuntzaz berdintasun-teknikariak dira Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola oriotarrak. 2019an jo zuten Udalera, faltan sumatzen zituzten berdintasunari lotutako dinamikak martxan jartzeko asmoz. Alderdi politiko guztien adostasunarekin, Orioko emakumeen beharren diagnosia egin zuten urte hartan bertan eta, handik gutxira, 2020ko urtarrilean, zabaldu zituen ateak Ahalduntze Eskolak. Orduan, Miriam Garciarekin batera, Pertzetik elkarte feminista sortu zuten, eta herriaren eta emakumeen beharrei erantzuteko lanean ari dira geroztik.

2022ra begira, orain arte egindako urratsei jarraipena eta egonkortasuna emateko, hitzarmena sinatu dute Udalarekin.

Helburuak, argi

Urteko aurrekontu orokorretan zehazten denez, Ahalduntze Eskolari bideratutako partida indartu da, helburu hauek betetzeko: aurrez aurreko arreta zabaldu, komunikazio-estrategiak indartu, aholkularitza juridikoaren zerbitzua sendotu eta, pixkanaka bada ere, Etxe Morea sortzeko prozesua abian jarri.

Gainera, azaroan aurkeztu zuten Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa oinarri hartuta, Berdintasun Plana garatzen ari dira. Martxoaren 1ean egin zuten lehen saio irekia, eta hilaren 29an aurkeztuko dute plana, 18:30ean, kultur etxeko areto nagusian.

Ahalduntze Eskolaren inguruko informazio guztia, haien sare sozialetan eskuragai.