Herriko trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzeko, Aparkalekuen Ordenantza berria aurkeztu zuen Orioko Udalak 2022ko udaberrian, eta aurten hainbat aldaketa egin dizkio, nagusiki bertakoentzako aparkaleku gehiago jartzeko. Ordenantzaren baitan, Orion erroldatutako ibilgailuek doan eskuratzen dute aparkatzeko udal-txartela, eta bestelako baldintza batzuk betetzen dituztenek 85 euroan erosi dezakete, tartean Aian erroldatutakoek.
Legealdi hasieratik elkarlanean aritu dira bi udalak eta, Aiako zenbait herritarrek egindako eskaerari erantzuteko, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Jon Ander Azpiroz Otegi Aiako alkateak eta Anuska Esnal Oliden Oriokoak. Hitzarmenaren bidez, 2025eko urtarriletik aurrera, Aiako herritarren aparkatzeko udal-txartelen prezioaren erdia Aiako Udalak ordainduko du, eta bestea, herritarrek. Horrela, aiarrek ere Orioko herrigune osoan aparkatu ahal izango dute.
Sinatutako hitzarmenaren bidez, bi udalerrien arteko harremana indartzen jarraitu nahi dute udalek, eta herritarrei erraztasunak eman eguneroko bizimodua bailaran egiteko.