Andra Mariko eremuari dagokion parte hartzeko prozesuaren baitan, joan den asteburuan egin zen herritarren bozketa eta, jarraian, botoen jendaurreko zenbaketa egin zen asteazkenean, azaroak 20.
Hau izan da emaitza:
- Bozkak: 440
- Baliogabeak: 2
- Zuriak: 4
- Baliodun Bozkak: 434
Bozka horiek horrela banatu dira:
Epaimahai teknikoaren balorazioa
Herritarrek emandako botoei epaimahai teknikoak emandakoak batu dizkie Udalak. Epaimahaia lau teknikarik osatu dute: Orioko Udaleko arkitektoak eta arkitekto teknikoak, eta kanpoko bi arkitektok. Kontuan izan behar da lau epaimahaikideek parte hartzeko prozesua martxan jarri aurretik aztertu eta baloratu zituztela proposamenak, eta haien balorazioa 3 irizpide hauen arabera egin zutela:
- Proposamenaren kalitate teknikoa: Erabilitako materialen egonkortasuna, mantentzea eta gaur egungo eraikinen egiturarekiko bateragarritasuna (gehienez, 40 puntu)
- Diseinuaren kalitate estetikoa: Ingurunearekiko egokitasuna eta eraikita dauden eraikinekiko integrazioa (gehienez, 45 puntu)
- Proposamenaren aurrekontua (gehienez, 10 puntu)
Hauek dira epaimahaikideen langa teknikoa gainditu zuten eta jendaurrean jarri ziren bost proiektuei emandako balorazioak:
Atzera begiratu aurrera egiteko
Oso ondo baloratzen da espazio berdeen presentzia, biodibertsitatearen aniztasuna eta sortzen diren espazioen kalitatea. Baita anbulatorioaren aurrean, arranpla inguruan, sortzen den espazioa eta jolas-eremuari ematen zaion jarraipena eta mugaketa ere. Barruko plazaren eremua zabaldu egin daiteke ikastetxearen ekialdeko horman dagoen lorategia txikiagoa eginda. Bestalde, kioskoaren plazatik beste plazarako trantsizioa arranpla baten bidez egitea aztertu liteke.
Biribil
Ondo baloratzen da arranpla inguruan sortutako egurrezko hondartzaren espazioa. Ez da egoki ikusten errepideak hartzen duen lekua eta garrantzia, bereziki Arrantzale kalea peatonalizatzeko asmoa oinarrietan zehaztuta zegoela kontuan hartuta. Gauza bera gertatzen da Andra Mariko sarreran eta hortik aurrera zehazten den asfaltozko eremuarekin: eremu horretan dago Ikastolako sarrera nagusia, eta eman zaion trataera ez da egokia. Haur-parkearen presentzia eta garrantzia gehiegizkoa izan daiteke. Bestaldean ageri den estalkia ez da egingarria, itsas zorpeko eremuan kokatzen delako.
Ginko
Plazaren eta Arrantzale kalearen arteko integrazioa oso positiboki baloratzen da. Iparraldeko gunean ageri den pergolaren beharra eta bideragarritasuna zalantzan jartzen da, landareen bidez ordezkatu daiteke-eta. Arrantzale kaleko landarediaren presentzia eta trataera bereziki baloratzen da. Hegoaldera kokatutako elementuaren altuera ondo neurtu beharko da, hesi handirik sortu ez dadin.
Betehuts
Oso positiboki baloratu da espazioen mugaketa eta haien arteko trantsizioa. Sortzen diren egituren altuerari buruzko kezka sortzen da, eta horietan elementu berdeen presentzia handitzeko beharra ikusten da. Arranplan eta anbulatorioaren parean sortzen den plazatxoa egoki baloratzen da.
Orioko Plaza
Berdeguneen presentzia eta trataera oso positiboki baloratu da. Estalkia, aldiz, ez da bideragarria, eta espazio horren trataera osatu beharko litzateke. Arranpla aldera sortzen diren harmailak ere oso egokiak dira. Horrez gain, bidegorriaren eta oinezkoen ibilbide desberdinen arteko lotura positiboki baloratu da eta, baita ere, jarraitutasuna emateko egin den ahalegina.
Lehiaketaren emaitza
Epaimahaiak emandako puntuak eta herritarren botoak batuta, hauxe izan da lehiaketaren emaitza:
Horrenbestez, Atzera begiratu aurrera egiteko proposamenak lortu ditu puntu gehien.
Datozen urratsak
Udalak ez daki oraindik zein arkitektura-bulegorena den proposamen bakoitza; izan ere, puntuak modu objektiboan banatzeko, proposamen bakoitzari izen bat jartzeko eskatu zitzaien egileei, gutun-azalean beste erreferentziarik idatzi gabe.
Astelehenean jakingo du Udalak zein den proposamen irabazlearen egilea, orduan juntatuko baita epaimahaia proposamenak aurkeztu dituztenen gutun-azalak irekitzera.
Udalak, ondoren, sari hauek banatuko ditu parte hartzeko prozesura iritsi ziren bost proposamenen artean:
- Irabazlearentzat: 6.000 euroko saria eta proiektua idazteko aukera.
- Bigarrenari: 3.000 euroko saria
- Hirugarrenari 2.000 euroko saria
- Eta beste biri: 500 euro bana, accesit modura.