Andra Mariko eremuan egingo den behin betiko hirigintza-proiektua itxitzat eman dute Orioko Udalak eta proiektua garatu duen Estudi Local d’arquitectura bulegoak. Proposamenaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko aurkezpena egingo dute datorren ostiralean, otsailak 13, 19:00etan kultur etxean. Proiektua landu duten David Camacho eta Enric Mas arkitektoek gidatuko dute saioa.
Andra Mari plaza da herriko zabalgune nagusietako bat: haurrek jolaserako erabiltzen dute eremua, ostegunetako Azoka bertan jartzen da, eta urte osoan antolatzen diren hainbat ekitaldiren kokalekua da (lasterketen abiapuntua, barraken kokalekua, etab.). Erriora jaisteko duen arranplari esker, gunearen erabilera eraldatu egiten da uda sasoian, eta bainurako eremu bihurtzen da.
Espazio honen ohiko erabilerak identifikatuta, gunea berrantolatu eta egokitzeko erabakia hartu zuen Udalak, egunerokoan eta ekintza puntualak antolatzen direnean sortzen diren beharrei hobeto erantzuteko. Baina horrez gain, proiektuak badu beste helburu nagusi bat: inguru horretan ohikoak diren uholdeak saihesteko estolderia eta euri uren bilketa berrantolatzea.
Ideia-lehiaketa eta parte-hartze prozesua
Udalak arkitektura-bulegoei zuzendutako ideia-lehiaketa egin zuen 2024aren hasieran eta zortzi proposamen aurkeztu ziren. Horien bideragarritasuna udal-arkitektoak eta beste bi arkitektok osatutako epaimahai teknikoak aztertu zuen, eta hiru baztertuta, beste bostak baloratu zituzten.
Ondoren, 2024ko azaroan, parte-hartze prozesua abian jarri zuen Udalak, eta bost proiektuak ikusgai jarri zituen hiru astez, jarraian, herritarrek gustukoen zuten proposamenaren aldeko bozka eman zezaten. Epaimahaiaren eta herritarren puntuazioak batuta, Atzera begiratu aurrera egiteko proposamenak irabazi zuen deialdia, eta Udala egileekin harremanetan jarri zen behin betiko proiektua definitu zezaten.
Aurkezpena, otsailaren 13an
Urtebeteko lanaren ondotik, Estudi Local d’arquitectura bulegoko ordezkariek otsailaren 13an, ostiralarekin, azalduko dituzte behin betiko egitasmoaren xehetasunak kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Saio irekia izango da, eta interesa duen edonork hartu dezake parte.
