Ekainaren 28an hasiko diren San Pedro jaien testuinguruan, Udalak edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditu herritarren eskura txosnetan, euro baten truke. Arkupe elkarteak ekimenarekin bat egingo du, Berrerabili kanpainaren bidez, eta ekainaren 19tik 28ra herriko establezimenduetan erosten duten herritarrek aukera izango dute zinta bat eskuratzeko, edalontzi berrerabilgarriak zintzilik eramateko.
Ekainaren 28an karpa bat jarriko dute Herriko Plazan, eta hilaren 19tik 28ra herrian egindako erosketa baten tiketa erakusten dutenek zinta eskuratuko dute doan. Gainera, egun horretan jasotako tiket guztien artean zozketa egingo dute: Arkupeko establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bost bonu zozkatuko dituzte.
Edalontzi berrerabilgarriak eta horiek lepoan zintzilik eramateko zintak herritarren eskura jarrita, jaietan sortzen den zaborra murriztea eta herritarrak sentsibilizatzea bilatzen dute Udalak eta Arkupe elkarteak.