Joan den ostegunean abiatu zen 24. Korrika Atharratzetik, eta asteazkenean, martxoak 25, helduko da Oriora. 15:00ak aldera iritsiko da Korrika Aginagako Mapil baserrira, eta Orio aldera egingo du handik, herrigunetik igaro eta Zarautz aldera jarraitzeko.
Hauek dira Korrikak herrian egingo dituen kilometroak eta lekukoa eramango dutenak:
- 1794: Eragin eta Badok 13 (7. km)
- 1795: Oria bizi + GUKA (8.km)
- 1796: Talai Mendi + Herrio (9.km)
- 1797: EH Bildu + Sare (10.km)
- 1798: Txurrumuski + Harribil (11.km)
- 1799: Etxeluze + Pakak (12.km, Anibarko Portuko biribilgunea)
- 1800: Danobat (12.km, Aita Lertxundi 6)
- 1801: Zaragueta Herri Eskola + Orioko Herri Ikastola + Maria Maestra Haurreskola (Eusko Gudari, 19)
- 1802: Orioko Herri Ikastolako langileak (Herriko Plaza)
- 1803: EAJ (N-634 13.km)
Jarraian, 16:30etik aurrera, txokolate beroa banatuko da Herriko Plazan, eta 17:00ean haurrentzako ikuskizuna izango da, leku berean.
Antzerkiaren ondoren, triki-bertso poteoa egongo da, herriko bertsolari eta trikitilariekin. Eta, bukatzeko, zizka-mizkak jarriko dira Herriko Plazan bertaratu guztientzat.
Korrika Txikia
Ikastetxeek antolatuta, Korrika Txikia egingo da goizean. DBHko ikasleek 11:00etan hasiko dute ibilbidea hondartzan, eta Herriko Plazara bidean, ikasleak batzen joango zaizkie, adinaren arabera.
12:00etan bukatuko dute saioa, Herriko Plazan egingo duten ekitaldiarekin.
Aldaketak herriguneko trafikoan
Korrika Txikia dela-eta, 11:00etatik 12:00etara udaltzainak ibiliko dira herrigunean trafikoa bideratzen, sortu litezkeen gorabeherak kudeatzeko.
Arratsaldean, aldiz, Korrikaren ibilbidea eta herriko saneamendu-sisteman egiten ari diren lanen egutegia bateratzeko, hainbat doikuntza egingo dira:
- Martxoaren 24rako aurreikusitako itxiera mantendu egingo da. Ondorioz, Abeslari kaleko lanak direla eta, herrigunetik irteteko Txanka-hondartza bidea erabili beharko da.
- Martxoaren 25ean, berriz, Korrika igaro ondoren hasiko dituzte lanak, 16:00etan, eta lau orduz luzatuko dira, 20:00ak arte, gutxi gorabehera. Egun horretan ez da trafikoa itxiko, eta Eusko Gudari kaleko aparkalekuak libre mantenduko dira.
Egokitzapenen ondorioz, baliteke aurreko egunetako lan-ordutegia aurreikusitakoa baino gehiago zabaltzea. Barkatu eragozpenak.
